- Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Igeriketa Eskolak antolatuta, Olaizaga igerilekuak igeriketako erronka solidarioa hartuko du. Helburua ahalik eta metro gehien igeri egitea eta Igeriketa Eskolako haurren erakustaldia izango da.
Elgoibarko Kirol Patronatuak, Igeriketa Eskolarekin batera, igeriketako erronka solidario bat antolatu du larunbat honetarako, abenduak 2, Zaporeak elkarteari laguntzeko. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen diena. Gaur egun, elikagaiak prestatzen dituzte, Greziako errefuxiatu-esparruetan harrapatuta dauden pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko.
Abenduaren 2an, honako jarduera hauek antolatu dira:
- 10:00etatik 13:00etara: Igeriketako erronka solidarioa Zaporeak elkartearen alde. Igerilekura datozen erabiltzaile guztien artean igeri egiten duten metroak neurtuko dira. Erronka solidarioa guztion artean ahalik eta metro gehien igeri egitea izango da.
- 17:00etatik 19:00etara: Igeriketa Eskolako haurren erakustaldia.
Sarrera doakoa izango denez, Olaizaga Kiroldegiko sarrerako tornuetan kutxa bat jarriko da igerilekura sartzen diren erabiltzaileek Zaporeak elkarteari babesa emateko.
Aurreko hiru edizioetan, 2018, 2019 eta 2022an, batutako dirua Fibrosis Kistikaren Arnasa elkarteari, Aspanogiri eta Nualari eman zitzaien, hurrenez hurren.