- Urriaren 20an izango da eta Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Oihana Bartra eta Nerea Ibarzabal bertsolariek parte hartuko dute.
- Sarrerak 8 eurotan egongo dira salgai esteka honetan: www.izaninurri.eus.
Iñurri elkartearen eskutik, minbizia modu batera edo bestera jasan dutenei laguntzeko eta gizartea sentsibilizatzeko “Tabuen kutxatik oholtzara” proiektu solidarioa martxan jarri dute, gertutik bizitako esperientzien harira.
Oraingo honetan, Elgoibarko Udalak bat egin du Iñurri elkartearen proiektu honekin, eta “Tabuen kutxatik oholtzara” bertso eta musika ikuskizuna izango da urriaren 20an, 19:00etan, Herriko Antzokian. Sarrerak 8 eurotan salduko dira urriaren 2tik aurrera lotura honetan: www.izaninurri.eus . Sarreren dirua Iñurri elkartearentzat izango da.
Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Oihana Bartra eta Nerea Ibarzabal bertsolariek parte hartuko dute. Gai jartzailea: Amaia Agirre. Musikariak: Gari Otamendi eta Ixak Arruti.
Ikuskizun honen bidez, gaur egun gizartearen ahotan eta mediatikoki hain ezaguna den gaixotasun honen atzean, orokorrean uste dena baino mundu zabalagoa dagoela ikusarazi nahi dugu, gaixotasunak inposatzen duen isiltasuna hautsiz, mamuak zokoratuz eta tabu diren gaiak azaleratuz.
Iñurri elkartekoek bularreko minbiziari lotutako estereotipoak gainditzeko ekarpen xume bat egin nahi dute, euren esperientzia, ahotsa eta gorputza plazaratuz; bide batez esanda, urteetan ukatu zaion presentzia eta espazioa eskainiz, eta sortzen dituen emozioak azaleraziz; batzuetan serio, besteetan umorez, minbizitik biziminera.
Izan zaitez eraldaketaren parte, izan zaitez Iñurri!