- Adin guztientzako hamaika jarduera izango dira aukeran.
Atxutxiamaika, Udal Ludotekak eta Udal Gaztelekuak antolatuta, urriaren 17tik 22ra ‘Jolasaren astea’ ospatuko dute Elgoibarren. Herriko hainbat eragilerekin lankidetzan burutuko da ekimena: Eskola Kirola, Zubi Ondo xake elkartea, Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskola, Lanbide Heziketa, San Lazaro zaharren egoitza eta Egur Arte Tailerra, besteak beste. Haur txikienetatik hasi eta 18 urte bitartekoentzako hamaika jarduera izango dira aukeran.
“Helburua herritarrei jolasak duen garrantzia helaraztea izateaz gain, herritarrei sormenezko zenbait baliabide eskuragarri jartzea ere bada ekimen honen funtsa. Izan ere, arrazoi ezberdinengatik eskola orduz kanpoko ekintzetan sarbiderik ez duten edota aukeratzen ez dituzten saioak kalera ateratzen ditugu eta herritar guztien eskura jartzen ditugu” nabarmendu dute antolatzaileek.
Horrez gain, egitasmoaren helburuetako bat den Haurren Hiriaren korronteari jarraituz, kaleak okupatzeari eta sorkuntza-espazioak sortzeari bide ematea Jolasaren astearekin.
Familiekin lanketa egiteko ere oso baliagarria zaigu, izan ere, familia ezberdinen topagune bihurtzen baitira aste honetako zenbait ekimen. Horrez gain, gurasoek umeekin euskaraz jarduteko eta familien artean harremanak sortzeko aukera ematen du ekimen honek.
Honakoa da egitaraua:
0-5 urtekoentzat:
- Jolas librea: Urriaren 19 eta 20an, Leku Ederreko parkean, 17:30-19:00 bitartean
6-12 urtekoentzat:
- Urriak 17: bingoa San Lazaro egoitzan
- Urriak 18: “Sortu zure jolasa” Ludotekan
- Urriak 19: kanpo jolasak Urazandiko parkean
13-18 urtekoentzat:
- Urriak 18, Mahai jolasak, Gaztelekuan
- Urriak 19, ZIG gelakoekin ekintza goizez gaztelekuan
- Urriak 21, Nintendo Switch txapelketa
- Urriak 22, Geocaching nerabeekin
- Urriak 18, Mahai jolasak, Gaztelekuan
6 urtetik gorakoentzat:
Jolasa plazara!
Ekimen honen helburu nagusia Elgoibarko eragile ezberdinek gauzatzen dituzten jolas mota ezberdinak plazaratzea izango da. Herrian topa daitekeen aisialdi eskaintzaren zatitxo bat eskuragarri jarriko dute, haur eta nerabeek jolas ezberdinak ezagutu eta probatzeko aukera izan dezaten.
Parte hartuko duten eragileak hauek izango dira: Egur arte tailerra, Zubi Ondo xake elkartea, Eskola Kirola, Gure natura ezagutuz programa, Udal ludoteka, Udal gaztelekua eta Atxutxiamaika.
Urriaren 20an, 17:30etik 19:00etara, Kalegoen plazan.
Geocaching
Geocaching mundu mailako jolasa, adin guztientzako dena, Elgoibarrera ekarri dute. Mugikorra erabiliz edo paperezko mapaz baliatuz herriko hainbat puntutara bertaratu eta bertan kokatu diren objektuak aurkitzea izango da helburua, eta aste horretan estreinatuko da. Hortik aurrera edozeinek edozein momentutan jolastu ahal izango du.