Udalak udazkeneko ‘Elgoibar Bizi-Bizixa’ bonu kanpaina jarri du abian eta saltokiek izena emateko epea zabalik da

  • Merkatariek urriaren 25era arteko epea dute (25a barne) kanpainari atxikitzeko eta, horrela, beren dendetan deskontuak eskaintzeko. Eskabidea telematikoki egin behar da Elgoibarko Udalaren web atarian (www.elgoibar.eus), egoitza elektronikoaren bidez.
  • Elgoibar Bizi-Bizixa bonuen 2022ko aurreko edizioan bat egin duten jarduera ekonomikoek ez dute bestelako eskaerarik aurkezteko beharrik izango. Bigarren deialdi honetan ez badute nahi parte hartu adierazi beharko dute.
  • Kanpainak 25.000 euroko udal-inbertsioa eta 3.300 merkataritza-bonu izango ditu. Herritarrek % 25eko deskontua izango dute azaroaren 30era arte egindako erosketetan.

Elgoibarko Udalak, herriko merkataritza dinamizatzen eta biziberritzen jarraitzeko asmoz, Bizi-Bizixa bonu kanpaina berri bat jarri du martxan. 2022ko bigarrena izango da, eta zazpigarrena abian jarri zenetik. Kanpaina hau Udalak tokiko garapen ekonomikoa bultzatzeko ezarritako ildo estrategikoaren barruan kokatzen da.

“Krisi ekonomikoaren testuinguruan, gaur egun bizi dugun eta 2020an eta 2021ean jada bizi izan dugun ziurgabetasun-ingurune batean, Udaletik bonu-lerro hau abiarazi dugu gehien sufritzen ari diren jarduera ekonomikoei laguntzeko. Diru-laguntzen lerro hori Elgoibarko Udalaren ekonomia suspertzeko proiektuaren beste hanka bat da. Proiektu horretan egindako bileretan eragile ekonomikoek egindako ekarpenak jasotzen dira” azaldu du Ane Beitia alkateak. 

“Udalak, bonu hauekin, herritarrei herrian erosketak egiten lagundu nahi die. Izan ere, badakigu herritar askok ere zailtasunak izan ditzaketela eta, horregatik, gure herrian erosketa sustatu nahi dugu, eta elgoibartarren erosketa hori merkeago egitea bultzatu dugu. Bonuek herritarrei laguntzen die, bonua erosteko hobariak ematen baititu, batez ere langabezian dauden, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetan dauden edo diru-sarrerak nabarmen murriztu zaizkien langileak kontuan hartuta” berretsi du alkateak.


Kanpainari atxikitzeko epea zabalik merkatarientzat

Urriaren 25a, egun hori barne, jarduera ekonomikoak kanpainan izena emateko azken eguna izango da. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Elgoibarko Udalaren web atarian (www.elgoibar.eus), egoitza elektronikoaren bidez, diru-laguntzen atarira sartuta eta eskuragarri dagoen berariazko formularioa erabilita.

Elgoibar Bizi-Bizixa bonuen 2022ko aurreko edizioan bat egin duten jarduera ekonomikoek ez dute bestelako eskaerarik aurkezteko beharrik izango. Bigarren deialdi honetan ez badute nahi parte hartu adierazi beharko dute.

Oinarri hauetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte beren konturako langileek edo autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek eta mikro eta enpresa txikiek (betiere deialdi honetan jasotako CNAEak badituzte, www.elgoibar.eus webgunean eskuragarri), baldin eta haien establezimendua Elgoibarren badago.

 

25.000 euroko inbertsioa, % 25eko deskontua herritarrentzako erosketetan

2022ko udazkeneko kontsumo-bonuen kanpaina honetan, Udalak 25.000 euro inbertituko ditu eta 3.300 merkataritza-bonu izango ditu. Herritarrek % 25eko deskontua izango dute egindako erosketetan. Aurreikuspenen arabera, bonuak azaro hasieran egongo dira eskuragarri.

Bonuak erosketa egiten den unean bertan erosi behar dira establezimenduetan.
Atxikitako establezimenduetan egindako gastuak gutxienez 5 eurokoak eta gehienez 60 eurokoak izan daitezke. Deskontuak:

  • 5 €-ko balioa duten erosketak, Udalak 1,25 €-ko diru-laguntza ematen du.
  • 10 € balio duten erosketak, Udalak 2,5 €-ko diru-laguntza ematen du.
  • 20 € balio duten erosketak, Udalak diruz laguntzen ditu 5 €.
  • 30 € balio duten erosketak, Udalak 7,5 €-ko diru-laguntza ematen du.
  • 60 €-ko balioa duten erosketak, Udalak 15 €-ko diru-laguntza ematen du.

Bonuak 2022ko azaroaren 30era arte trukatu ahal izango dira atxikitako dendetan, betiere dendak egun horretara arte bonuak baditu eta merkataritza-establezimenduetan erabili ahal badira.

2022ko bigarren deialdiari dagozkion 3.300 bonuak modu ekitatiboan banatuko dira guztien artean.

Oinarriak, formularioa eta informazio gehiago