Udalak Harrera Planean sakontzen jarraitzen du aniztasunari buruzko prestakuntza-saioekin

  • Herriko zazpi elkartetako ordezkariek prestakuntza jaso dute Emunen eskutik.   
  • Udala herriko gainerako agenteekin harremanetan jarriko da parte hartzea eskatzeko. Bitartean, elkarteren batek Harrera Planean parte hartu nahi badu, udaletxera joan daiteke informazioa eskatzera. 

Elgoibarko Udalak Harrera Plana garatzen jarraitzen du, elgoibartar berriei harrera egiteko. Ildo horretan, herriko zazpi elkartetako ordezkariek aniztasunari buruzko prestakuntza jaso dute Emunen eskutik. Zehazki, prestakuntzan zehar, aniztasunaren, migrazioaren eta bizikidetzaren oinarrizko kontzeptu batzuk ezagutu eta horiei buruz hausnartu ahal izan dute, baita elkartetik egunerokotasunean aniztasunaren ikuspegia txertatzeko adibideak ezagutu ere.

Prestakuntzan parte hartu dutenek tresnak jaso dituzte aniztasunaren aurrean deserosotasuna murrizteko eta aniztasunari buruzko hausnarketa bideratzeko aukera gisa, eta elkarte bakoitzak bere jardunetik harreran sakontzeko eta bizikidetza sustatzeko zer egin dezakeen hausnartzeko.

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea, Inazio Bereziartua Dantza eta Musika Eskola, Morkaiko M.K.K, C.D Elgoibar, Sanlo E.K.T, Zubi Ondo xake taldea eta Ongarri argazkilari elkartea izango dira, oraingoz, Harrera Planean parte hartuko duten elkarteak.

Datozen asteetan Udala herriko gainerako elkarte eta eragileekin harremanetan jarriko da Harrera Planean parte hartzera gonbidatzeko. Hala ere, elkarteren batek parte hartzeko interesa balu, udaletxera jo dezake informazioa eskatzera.


Udalerri hartzailea, inklusiboa eta askotarikoa

Elgoibarko Udalak bultzatutako Harrera Planak indartu egiten du udalerriak toki abegikorra, inklusiboa eta askotarikoa izateko duen konpromisoa, udalerrira iritsi berriak direnen inklusioa funtsezkoa baita gizarte-kohesioa sustatzeko eta bazterkeria prebenitzeko.

Herriko eragileek egindako prestakuntza-saioa Harrera Planaren bigarren fasea da. Lehenengo fasean ongietorri instituzionala egin zen, eta harrera-gida argitaratu eta banatu zen. Iritsi berrientzako Harrera Gida oinarrizko informazioa eta baliabide erabilgarriak ematen dituen funtsezko tresna da Elgoibarko komunitatera batzen diren pertsonentzat.