Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 28 etxebizitza publiko eraikitzea bultzatuko dute Elgoibarren

  • Proiektu hori bi modalitatetan banatuko da: 14 zuzkidura-bizitoki egungo anbulatorioko eraikinean tokiko gazteentzat, eta 14 etxebizitza alokairu babestuko erregimenean Eulogio Estartan.

Elgoibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak aurrerapen garrantzitsua iragarri dute udalerrian etxebizitza publikoa eskuratzea sustatzeko konpromisoan. Bilera batean, Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainek, Maialen Gurrutxaga alkatea buru duen udal-taldearekin batera, datozen urteetan alokairuko 28 etxebizitza publiko berri herritarren eskura jartzeko egingo diren proiektuak eta baterako ahaleginak aztertu zituzten.

Proiektu hori bi modalitatetan banatuko da: 14 zuzkidura-bizitoki egungo anbulatorioko eraikinean tokiko gazteentzat, eta beste 14ak alokairu babestuko etxebizitzak izango dira Eulogio Estartan. Ekimen honek herritarren profil desberdinek etxebizitza eskuratzeko dituzten premiei erantzun nahi die, batez ere gazteentzat, emantzipatzeko eta herrian ezartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetako bat baita.

“Legegintzaldiko Planean, gazteen emantzipazioa errazteko etxebizitzen garapena bultzatzeko konpromisoa hartu zen, egungo anbulatorioan etxebizitzak garatzeko lan eginez. Ildo horretan, hainbat bilera egin ditugu Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin, eta erakundeen arteko lankidetzaren ondorioz, estrategia horretan sakonduko dugu legegintzaldi honetan”, alkateak azpimarratu duenez.

Horrela, Udalak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin batera lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten du, ezarritako helburuak betetzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetzen eta Elgoibarko gizarte-ehuna indartzen lagunduko duten bizileku-irtenbide eskuragarriak eskainiz.