- Hiru arlo desberdinetan banatzen da programa eta helburu du partehartzaileen ongizatea, bizi kalitatea eta garapen pertsonala.
- Programa honetan parte hartu nahi dutenek Olaizaga Kiroldegian izena eman beharko dute.
Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Udal Kirol Patronatuak Elgoibar Sasoian programaren balorazioa burutu dute ikasturte berriaren atarian. Hiru arlo desberdinetan banatzen da programa eta helburu du partehartzaileen ongizatea, bizi kalitatea eta garapen pertsonala:
Ahalduntze pertsonala:
Astero saio bat egin da bi talde desberdinekin. Talde bakoitzak urtarriletik ekaina bitartean 20 saio jaso ditu Unai Arrietaren gidaritzapean. Bataz beste 22 pertsonek parte hartu dute saio bakoitzean, denak 60 urtetik gorako adinekoak, %85a emakumeak eta %15a gizonezkoak, parte hartzea oso aktiboa izanik eta harreman sozialak asko indartuz. Landu diren gaiak hauek izan dira: zer da ongi zahartzea, gure balioen arabera zahartu, ongi zahartzeko gaitasunak, zaindu gorputza, arreta osoz bizi, zailtasunei aurre-eman eta harreman osasuntsuak landu.
Orientazio zerbitzua:
Osasun larrialdi egoera bertan behera geratu ostean, martxoan berriro martxan jarri zenetik irailera bitartean 50 elgoibartarri aholkua eman die.
Zerbitzu honen helburua sedentarismoari eta inaktibotasunari kirolaren eta jarduera fisikoaren bitartez aurre egitea da eta Elgoibartar orori zuzenduta dago.
40 eta 85 urte bitarteko herritarrak hurbildu dira zerbitzura, bizitza aktiboagoa izateko aholku bila. Horietatik 37 emakumezkoak izan dira eta 13 gizonezkoak. Adinari erreparatuz 40 eta 55 urte bitartekoak 13 herritarrek jaso dute aholkua, 56 eta 70 urte bitartekoak 26, eta 71tik 85 urte bitartekoak 11.
Udal Kirol Patronatuko Kirol Koordinatzailea den Argiñe Gabilondok zerbitzu honetara hurbiltzen den pertsona orori, herrian dituen baliabideak erabiliz, osasuna hobetzeko aholkuak eskaintzen dizkio. Hau da, erabiltzailearen egoera zein den ezagutu eta aztertu ondoren, bizitza aktiboagoa izateko aholkuak eskaintzen dizkio.
Zerbitzua doakoa da eta jarduera fisikorik egiten ez duten edo beraien ohiturak aldatzea nahi duten elgoibartarrak hurbildu daitezke bertara. Zerbitzua jasotzeko aurretiko zita Olaizaga Kiroldegiko Harreran, telefonoz (943744415) edo emailez olaizagaharrera@hotmail.es eskatu daiteke.
Jarduera fisikoa
Peru Ulaziak eta Elena Rodriguezek zuzentzen dituzte Mintxetan eta Olaizaga Kiroldegian garatzen diren saioak. 6 talde desberdin daude eta bakoitzak astean 3 saio izaten ditu partehartzaileen gaitasun fisikoak mantentzeko eta garatzeko helburuarekin. Aldi berean onura psikologikoak ere lortzen dira jarduera fisikoaren bitartez. Guztira 114 pertsonek parte hartzen ari dira, emakumezkoak %80a eta gizonezkoak %20a, denak 60 urte baino gehiagoko adinekoak.
Programa honetan parte hartu nahi dutenek Olaizaga Kiroldegian izena eman beharko dute. 60 urtetik gorako elgoibartarrek parte hartu ahal izango dute, Kiroletako Udal Patronatuan abonatuta badaude.