Udalak 2024ko Elgoibar Bizi-Bizixa ‘bonu-kanpaina abiarazi du eta saltokietan izena emateko epea ireki du

  • Merkatariek martxoaren 19ra arteko epea dute (egun hori barne) kanpainarekin bat egin eta dendetan deskontuak eskaintzeko.  Eskaera telematikoki egin behar da udal egoitza elektronikoan.
  • Kanpainak 30.000 euroko inbertsioa izango du eta 4.000 bonu komertzial jarriko ditu eskuragarri. Herritarrek %25eko deskontua izango dute apirilaren 30era arte egindako erosketetan.

Elgoibarko Udalak, tokiko merkataritza dinamizatzen eta biziberritzen jarraitzeko duen konpromisoan, Bizi-Bizixa bonu kanpaina berri bat jarri du abian. 2024ko lehena izango da, eta hamargarrena kaleratu zenetik. Kanpaina hau Udalak tokiko garapen ekonomikoa bultzatzeko ezarritako ildo estrategikoaren barruan kokatzen da.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak adierazi duenez, “herriko dendetan kontsumo eta erosketa ohiturek aldaketa nabarmenak izan dituzte azken urteotan, batez ere merkataritza elektronikoaren eta kate handien hazkundearekin. Elgoibar Bizi-Bizixa kanpaina tokiko erosketak suspertzeko eta udalerriko dendei laguntzeko Udalak egiten duen ahaleginaren barruan kokatzen da. Bonuen bidez, enpresen eta herritarren arteko harremana sendotu nahi dugu, kontsumitzaileengan konfiantza eta gogobetetasuna sortuz. Kanpaina honek, gainera, Elgoibarko kaleetako giroa biziberritu eta herritarren artean aktibazio mugimendua sortu nahi du”.

Alkateak ere berretsi du Udalak bonoetan duen konfiantza: “Aurreko bederatzi edizioetan 370.000 euro inbertitu ditugu, 40.350 bono jaulkiz, eta bertako komertzioetan erosteko ohitura sustatzeaz gain, bederatzi kanpainek 1.427.162,33 euro mobilizatu dituzte. Zuzenean eragiten die bai herritarrei bai merkatariei modu benetan positiboan”.

 

Kanpainan parte hartzeko epea zabalik dago merkatarientzat

Martxoaren 19a izango da jarduera ekonomikoak kanpainan izena emateko azken egun. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira Elgoibarko Udalaren web atarianegoitza elektronikoaren bitartez, diru-laguntzen atarian sartuz eta eskuragarri dagoen inprimaki espezifikoa erabiliz.

Oinarri hauetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte norberaren konturako langileek edo autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek eta mikroenpresa txikiek (betiere deialdi honetan sartutako EJSNak badituzte), baldin eta enpresa horien establezimendua Elgoibarren badago.

 

30.000 euroko inbertsioa, % 25eko deskontua herritarrentzako erosketetan

Kontsumo bonuen kanpaina honetan Udalak 30.000 euro inbertituko ditu eta 4.000 bonu komertzial jarriko ditu eskuragarri. Herritarrek %25eko deskontua izango dute egindako erosketetan. Aurreikuspenen arabera, bonuak apirilaren amaierarako egongo dira eskuragarri.

Bonuak saltokietan erosi behar dira erosketa egiten den unean.

Parte hartzen duten establezimenduetan egindako gastuak 5 eurokoak izan daitezke gutxienez, eta 60 eurokoak gehienez. Deskontuak:

  • 5 €-ko erosketa eginez gero, Udalak 1,25 €-ko dirulaguntza ematen du.
  • 10 €-ko erosketa eginez gero, Udalak 2,5 €-ko dirulaguntza emango du.
  • 20 €-ko erosketa eginez gero, Udalak 5 €-ko dirulaguntza emango du.
  • 30 €-ko erosketa eginez gero, Udalak 7,5 €-ko dirulaguntza emango du.
  • 60 €-ko erosketa eginez gero, Udalak 15 €-ko dirulaguntza emango du.

Bonuak apirilaren 30era arte trukatu ahal izango dira parte hartzen duten dendetan, betiere dendak data horretara arte bonuak baditu eta merkataritza establezimenduetan erabili badaitezke.

4.000 bonuak modu ekitatiboan banatuko dira deialdi honetan parte hartzen duten establezimendu guztien artean.

Deialdia , oinarriak eta tramitazioa