TREBA Gurasoak ekimenaren ikasturte berria abian nerabeen sexualitate aske eta osasuntsuari buruzko hitzaldi batekin

  • Azaroaren 30ean izango da, 17:30ean, eta Eider Goiburuk emango du euskaraz, Kultur Etxeko hitzaldi-aretoan.

TREBA Gurasoak eta Elgoibarko Udalak ‘Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsua izan dezaten?’ hitzaldia antolatu dute azaroaren 30erako. 17:30ean hasiko da, eta Eider Goiburuk gidatuko du Kultur Etxeko hitzaldi aretoan.

Hitzaldiaren helburua plazeran, zaintzan eta ongizatean oinarritutako sexualitatea garatzen laguntzeko gakoak eskaintzea da. Saiatuko da haur/nerabeen sexualitatearen ezaugarriei buruzko oinarrizko prestakuntza izaten; familien sexualitate-ereduei buruzko hausnarketa bultzatzen; haur/nerabeen hezkuntza-prozesuan sexualitate aske eta osasuntsua lortzeko gakoak aztertzen; gurasoen ahalduntzea sexualitatearen arloko hezkuntza-zereginetan; eta familiek dituzten bizipenak, kezkak, galderak eta abar beste familia batzuekin partekatzeko gune bat sortzen.

Izena emateko deitu 943 741 050 telefonora (308 luzapena) edo idatzi gazteria@elgoibar.eus helbidera.

 

Lehena 4tik

Hitzaldietarako gaien aukeraketa Ludotekaren, Gaztelekuaren, Hezkuntza Mahaiaren eta gurasoen elkarteen iritzia jaso ondoren egin da.

Horrela, ikasturtean zehar Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, 4 hitzaldi eskainiko ditu. Honako hauek izango dira hurrengoak:

  • Arauak eta mugak familian. Ezarpen asertiboa; urtarrilaren 11n, 17: 30ean, Aita Agirre Kultur Etxeko Areto Nagusian (Haur eta nerabeen gurasoentzat). Euskara.
  • Bulling egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu; martxoaren 22an, 17: 30ean, Aita Agirre Kultur Etxeko Ekitaldi Aretoan (Haur eta nerabeen gurasoentzat). Gaztelania.
  • Haurren eta nerabeen emozioak lagunduz: nola zaindu seme-alaben emozioak; apirilaren 26an, 17: 30ean, Kultur Etxeko Hitzaldi Aretoan (Haur eta nerabeen gurasoentzat). Euskara.