Ostegun honetan, hilak 9, rock eta big band kurtso amaierako kontzertuak Maalan, ostiralean, Trinitate jaien barruan, dantza jaialdia Kalegoen plazan, eta astelehenean, hilak 13, ikasturte amaierako kontzertua Musika Eskolako auditorioan.
Amets Arzallusek ‘Miñan’ bere liburuaren inguruko solasaldia eskainiko du Elgoibarren asteazken honetan, ekainaren 8an. Ekitaldia 18:30ean hasiko da Aita Agirre kulturguneko areto nagusian, eta euskara hutsean edo elebitan izango da, bertaratzen den entzulegoaren arabera. Ekitaldia Zabaltzen-Sartu erakundeak eta Udalak antolatu dute, elkarlanean.
Liburuaren sinopsiak honela dio: Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallus Antiak letraz idatzia.
Ostegun honetan, hilaren 9an, kurtso bukaerako rock eta big band kontzertuak eskainiko dira Maalan, I. Bereziartua Musika Eskolaren eskutik. Emanaldia 19:00etan hasiko da.
Ostiralari dagokionez, ‘En 80 días’ pelikula egongo da ikusgai Lilan antolatu den zine forumean, 19:00etatik aurrera.
Larunbatean, hilaren 11n, Belen Capapek ‘Danzando los animales’ dantza ikastaroa eskainiko du. Ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da, Lilan. Almaurrek antolatutako ikastaroa da.
Datorren astelehenean, hilaren 13an, aldiz, kurtso bukaerako kontzertua eskainiko dute I. Bereziartua Musika Eskolako musikariek Musika Eskolako auditoriumean. Kontzertua 19:30ean hasiko da.
Trinitate jaiak
Ostiraletik igandera bitartean Trinitate Jaien bigarren zatia ospatuko da. Jai hauen baitan, dantza jaialdia antolatu dute I. Bereziartua Musika Eskolak, Dantza Eskolak eta Elgoibarko Musika eta Dantza Federakuntzak (EMUDAFE) Kalegoen plazan. 19:00etan hasiko da. 23:00etan, berriz, Maraca Diabloren kontzertua egongo da ikusgai Kultur Etxeko sotoan.
Larunbatean, bestalde, Trinitatetako XIX. azoka berezia egingo da Aita Agirre plazan. 10:00etatik 14:30era herriko baserrietako produktuen salmenta egingo da, eta 10:00etatik 17:00etara Elgoibarko baserrietan hazitako abereen erakusketa, Aita Agirre plazan. 11:00etan, ordea, kalitatezko produktuen dastaketa egingo da, Elgoibarko baserri auzoetako ordezkarien laguntzarekin, eta Elgoibarko baserrietako sagardo lehiaketa eta dastaketa, Zazpiki Kultur Elkarteak antolatuta, Lekuederreko karpan. 12:00etan I. Bereziartua Musika Eskolako trikitilariek kalejira eskainiko dute.
Arratsaldera begira, 18:00etatik 19:30era: Mauxitxa Txarangak kalejira eskainiko du Mauxirekin eta Kiribilekin, Kalegoen plazatik hasita. Ondoren, 23:00etan, nagusien danborrada egingo da Kalegoen plazan.
Jaien azkenengo egunean, igandean, diana egingo da 09:00etan Udal Txistulari Taldearekin, eta 10:00etatik 14:30era XXVII. artisau azoka egingo da Lekueder parkean. 11:00etan meza egingo da San Bartolome parrokian, eta 12:00etan haurren danborrada. Arratsaldean erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten kalejira egingo da, Elgoibarko dultzaineroekin batera. Lekueder buruhandirik gabeko gunea izango da.