- Larunbatean Ripoll eta Islabat taldearen kontzertua eskainiko da eta igandean, dultzaineroek eta Udal Musika Bandak alaituko dituzte herriko kaleak beren musika doinuekin.
- Horrekin batera, aste santuak medio, apirilaren 3tik 14ra udaberriko oporraldiko aisia eskaintza berezia eskainiko da haur zein nerabeentzat.
Heldu gara martxoko azken astera eta horrekin batera, ongietorria emango diogu apirileko kultur agendari, oraingoan bezain anitza eta aberatsa izango dena.
Kultur jarduerekin hasteko, larunbatean, apirilak 1, formazio saioa eskainiko da Lilan 16:00etatik 18:00etara, etxeko langileei zuzenduta. “Eta zu, nork zaintzen zaitu” lelopean eta Merlin Medinaren gidaritzapean, formazio honek zaintzaileen zaintzan jarri nahi du azpimarra, nork bere burua zaintzearen garrantzia azpimarratuz. Formazio saioa gazteleraz eskainiko da eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea. Arratsaldean, halaber, Ripoll eta Islabat taldeak kontzertua eskainiko du 19:00etan Kultur Etxeko sotoan eta sarrerak 5€ko kostua izango du.
Igandean musikak protagonista izaten jarraituko du. Goizeko 10:00etan hasita, Elgoibarko dultzaineroak kalez kale arituko dira elgoibartarrak esnatu eta kaleak girotuz eta 12:30ean Udal Musika Bandaren txanda izango da. Kasu honetan, kontzertua eskainiko du Herriko Antzokian.
Eta datorren aste bukaeran herriko haur eta nerabeek aste santuetako oporrak hartzen dituztela aintzat hartuta, apirilaren 3tik 14ra bitartean, udaberriko oporraldiko aisia eskaintza berezia antolatu da haur zein nerabeentzat. Haurren kasuan Atxutxiamaika eta udal ludotekak osatu du egitarau berezia eta nerabeena, aldiz, udal gaztelekuak. Horrela, Elgoibarko haur eta nerabeek izango dute zer egin oporraldian Elgoibarren!
Zinea
- Ellas hablan: martxoak 31 eta apirilak 1, 2 eta 3.
- El asombroso Mauricio: apirilak 2
- Irati: apirilak 6 (saio bat euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin eta bestea gazteleraz).
Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 € / Nagusiak 5 €.
KZ Guneko doako ikastaroak
Apirilaren 3tik 19ra bitartean, Elgoibarko KZ Gunean ‘Oinarrizko interneta. Nabigatzen eta mezu elektronikoak bidaltzen ikasi’ ikastaroa eskainiko da, 16:00etatik 18:00etara. Informazio gehiagorako, aurrez aurre (ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea 943023640 telefonoaren bidez), 943023640 telefonoaren bidez edo webgunean (www.kzgunea.eus).