-
Alkate hautetsiak bere taldearen eta proiektuaren balioa nabarmendu zuen, “elgoibartarren ongizatearen alde gogor lan egiteko konpromisoa” berretsiz.
Larunbat honetan, ekainak 17, egindako Osoko Bilkuran, Maialen Gurrutxaga EAJ-PNVko hautagaiak hartu du bere gain Elgoibarko aginte makila, 8 zinegotzi jeltzaleen aldeko botoekin.
Bozketak EAJ-PNVko ordezkarien aho bateko babesa islatu zuen, Maialen Gurrutxagaren hautagaitza babestu baitzuten alkatetza hartzeko. Zinegotziek “egindako ibilbidea eta udalerriarekiko dedikazioa” aintzat hartu dituzte, eta Elgoibarko garapena “gidatzeko esperientzia eta gaitasuna” baloratu zituzten.
Halaber, EH Bilduko 7 zinegotziek Aitziber Aranberri EH Bilduko alkategaiaren alde bozkatu zuten. Bestalde, PSE-EEko bi zinegotziek bozketan abstenitzea erabaki zuten.
Bozketaren emaitzak ezagutu ondoren, Maialen Gurrutxagak bere esker ona adierazi zuen eta ilusioz beterik agertu zen Elgoibarko alkatetza hartzeko aukeragatik. Bere taldearen eta proiektuaren balioa nabarmendu zuen, “elgoibartarren ongizatearen alde gogor lan egiteko konpromisoa” berretsiz.
Alkate hautetsiak Elgoibarren “aurrerabidea eta hobekuntza bultzatzeko borondatea” azpimarratu zuen, “sustapen ekonomikoa, gizarte-kohesioa eta ingurumen-iraunkortasuna ardatz hartuta”. Era berean, adierazi zuen prest zegoela udalean ordezkatuta dauden talde politiko guztiekin elkarlanean aritzeko, “komunitatearen onurarako akordioak lortzeko”. Inbestidura saioan gehiengoaren babesarekin, Maialen Gurrutxagak Elgoibarren alde eta Elgoibarrentzat lan egiteko konpromiso “irmoa” hartu du.