- Hori horrela, Ludotekak LH4 eta 6 arteko haurrei orain artean ostiraletan eskaintzen zien zerbitzua larunbatetan ere eskainiko die, 16:30etik 20:30era.
- Maialen Gurrutxaga, Gazteria zinegotzia: “Helburua da adin tarte eta testuinguru desberdinetako haurrekin harreman hezitzailea eraikitzea, bakoitzaren beharrak kontuan hartuz, Ludoteka beraientzat erreferente izan dadin”.
Ludotekak asteburu honetan zabalduko ditu bere ateak lehen aldiz 2023an. Elgoibarko Udalak, Zehar, S.L. Heziketa eta Programak elkartearekin sinatutako kontratu berriaren baitan, hainbat egokitzapen egin ditu zerbitzuak hobetzeko eta herriko haurrei beren behar eta nahietara egokitutako eskaintza emate aldera. Hori horrela, Ludotekak LH4 eta 6 arteko haurrei orain artean ostiraletan eskaintzen zien zerbitzua larunbatetan ere eskainiko die.
Honela geratuko da beraz, aurrerantzean Ludoteka zerbitzuaren ordutegia:
- Asteartetik ostegunera (astelehena itxita): 16:30etik 19:30era, HH5-LH3ko haurrentzat
- Ostiralak eta larunbatak: 16:30etik 20:30era, LH4-LH6ko haurrentzat.
“Planteamendu berri honekin, LH4-LH6ko haurrekin harreman hezitzailean oinarritutako esku-hartzean aurrera pausuak ematen jarraitu nahi dugu, haurren parte hartzearekin esku-hartze hau eremu ezberdinetara zabalduz, Ludotekaren lokaletik haratago” nabarmendu du Maialen Gurrutxaga Gazteria zinegotziak.
“Helburua da adin tarte eta testuinguru desberdinetako haurrekin harreman hezitzailea eraikitzea, bakoitzaren beharrak kontuan hartuz, eta parte hartzea landuz, Ludoteka beraientzat erreferente izan dadin” berretsi du Gurrutxagak.