Literatura izango da aurtengo “Euskara ala ezkara” jardunaldiaren ardatz

  • Jardunaldi hori urriaren 7an egingo da IMH ikastetxean, 9:30etik 14:30era.
  • Izena emateko Elgoibarko Izarraren webgunean, elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidean edo 943741626 telefono zenbakian.

 

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra elkarteak “Euskara ala ezkara literaturan?” izeneko jardunaldia antolatu dute elkarlanean urriaren 7rako (larunbata), IMH Campus-ek eta DanobatGroup-ek lagundurik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Jardunaldia IMH ikastetxean izango da 9:30etik 14:30era bitartean, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da Elgoibarko Izarraren webgunean, elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidean edo 943741626 telefono zenbakian.

Antolatzaileek, dagoeneko, prest dute egun horretarako egitarau oparoa. Egun horretan, Andu Lertxundi, Harkaitz Zubiri, Iñigo Aranbarri, Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Arrate Hidalgo, Jasone Osoro, Asier Serrano, Irati Jimenez, Oihana Arana, Leire Vargas eta Iban Urizar izango ditugu gure artean, eta literaturaren munduko hainbat azterketa eta gogoeta jasotzeko, literaturaren inguruan hausnartzeko eta euskal literaturarekin gozatzeko aukera emango digute. Jardunaldian, bidenabar, euskal literaturari buruzko hainbat galdera erantzuten saiatuko dira: “Zelako irakurleak gara? Zein gara? Zenbat gara? Nolakoa da gure lengoaia literarioa? Nondik edaten dugu? Zer falta zaio? Zer itzultzen dugu eta zer ez? Zergatik? Nola sortzen da irakurlea? Zelan ematen da literaturzaletasunaren transmisioa?” Horiek eta beste batzuk izango dira bertaratuko diren idazleak argitzen saiatuko diren gaiak.

Ondoren “Meza Nagusia” eskainiko dute Uxue Alberdik eta Iban Urizar “Amorantek”, eta horien parrokiako bekatuak exorzizatuko dituzte hitzez eta musikaz.

Eta ekitaldiari amaiera emateko, pintxo bazkaria izango da, bertan geratu nahi duenarentzat.

Jardunaldi honen osagarri gisa, IMH ikastetxeko areto nagusiko sarreran, azokatxo bat antolatuko da, eta, bertan, liburuak egongo dira ikusgai eta salgai.