- Krosa urtarrilaren 7an ospatuko da eta nazioarteko 900 kirolari inguru bilduko ditu, horietako asko maila profesionalekoak.
- Horiez gain, Errege Magoen kabalgata, zinema eskaintza zabala, San Anton pilota txapelketa edota udal musika bandaren kontzertua zein dultzaineroen diana ere izango dira asteburuan, beste hainbat ekintzen artean.
Gogotsu eman dio hasiera Elgoibarrek urte berriari eta ohiko moduan, 2024an ere ez dira faltako kultur edota aisialdi eskaintza eta ekintzak herrian, elgoibartar ororen gozamenerako.
Hori horrela, urteko lehen astea jada ekintzez josirik dator. Esate baterako hilaren 5ean Errege Magoen bisita jasoko du Elgoibarrek eta magiaz beteriko kabalgatak herriko kaleak gurutzatuko ditu herritar oro eta bereziki etxeko txikienak agurtzeko, 18:00etatik aurrera. Egun berean., halaber, lau eta erdiko II. San Anton pilota txapelketaren finalerdia (emakumeak) eta XXXI. San Anton pilota txapelketaren finalerdiak (gizonak) jokatuko dira, 21:30ean Ikastolako frontoian. Txapelketak jarraipena izango du hilaren 12an eta 19an ere.
Asteburuan bereziki kirola izango da nagusi Elgoibarren baina larunbatean, musikak ere izango du bere lekua. Hori horrela, urtarrilaren 6an, dultzaineroen dianak esnatuko ditu herritarrak, goizeko 10:00etatik aurrera. Jarraian, 11:00etan, Kristau-Ikasbidekoen meza egingo da San Bartolome parrokian eta goizari amaiera biribila emateko, 12:30ean Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Herriko Antzokian. Arratsaldean, 80. Juan Muguerza nazioarteko krosean parte hartu behar duten atletei harrera egingo zaie, 19:30ean, Kalegoen plazan.
Juan Muguerza Sasieta 1900 urtean Elgoibarren jaiotako kirolaria izan zen. 17 urte zituela, 1.500 eta 5.000 metroko Espainiako Txapeldun izendatu zen eta orduz geroztik nazioarte mailan beste hainbat sari ere irabazi zituen. Hori horrela, 1943an, atletismo zaletua zen talde txiki batek sortu zuen aipatu krosa, kirolari elgoibartarraren omenez eta hasiera batean kros txiki bat zen arren, gaur egun erreferentziazko kirol proba bilakatu da.
Krosa, halaber, igandean ospatuko da, 10:00etatik aurrera, Mintxetan. Aurtengoan 900 kirolari inguruk parte hartuko dute. Distantziak aldatu egin dira, secuen arteko berdintasun handiagoa lortzeko asmoz eta horrek eragina izan du ordutegian, aurreko urteekin alderatuta.
Krosean Euskadi, Kantabria, Nafarroa, Katalunia eta Espaniako atletarik onenek indarrak neurtuko dituzte. Federazio horiekin batera, Ingalaterra, Belgika eta Frantziako atletek parte hartuko dute 20 urtez azpikoetan, Mamo Wolde Gipuzkoa Sariaren barruan.
Horrez gain, emakumezkoen zein gizonezkoen maila absolutuan partehartzaile medailadunak, munduko egungo errekorrak, txapeldun olinpikoa eta beste hainbat atleta nabarmenenek hartuko dute parte.
Asteburua atzean utzita, astelehenean, hilak 8, ‘Gomendatu liburu bat argazki baten bidez’ lehiaketarako argazkiak aurkezteko azken eguna izango dute parte-hartzaileek, liburutegian.
Zinea
- Ocho apellidos marroquís: urtarrilak 5, 6, 7 eta 8.
- Ongarri zinekluba: Queso de cabra y té con sal: urtarrilak 10.
Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 €/ Nagusiak 5 €.