Jon Maiak “Kantu bat gara” kontzertua eskainiko du ostegunean, abenduak 1, Elgoibarko Herriko Antzokian

  • Ondoan izango ditu maila altuko musikariak, Pello Ramírez (biolontxeloa), Gorka Hermosa (akordeoia), Nacho Soto (teklatua) eta Nerea Quincoces (ahotsa eta perkusioa).

 

Hamarkada askoan bertsolari entzutetsua izan da Jon Maia. Euskal abesti askoren letren egilea ere bada, eta abeslaria “Karidadeko Benta” edo “Hezurbeltzak” moduko ikuskizunetan. Oraingoan, antzokietara itzuli da Elkar argitaletxeak plazaratu duen “Kantu bat gara” diskoarekin. Maiak disko hori aurkeztuko du, ostegunean, abenduak 1, 19:00etan Herriko Antzokian.

 

30 urte dira Jon Maia bertsolariak bere lehenengo kantak idatzi zituela, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Ordutik, Jonek Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu Gorriak, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken zazpi eta abar. Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan geratu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo eta abar…

 

30 urteko letragile ibilbide oparoa ospatzeko, Maiak bere hainbat kantu ezagunen bertsioak jasotzen dituen Kantu bat gara izeneko liburu-diskoa atera du, eta zuzeneko emanaldiak eskaintzen ditu, goi mailako musikariez inguratuta: Pello Ramírez (biolontxeloa), Gorka Hermosa (akordeoia), Nacho Soto (teklatua) eta Nerea Quincoces (ahotsa eta perkusioa).

 

Kantuan emango diogu amaiera Euskaraldiari 

 

Elgoibarko Udalak, Elgoibarko EUSKARALDIA Taldearekin elkarlanean, antolatutako kontzertua da Jon Maiak eskainiko duena. Bere azken lana, “Kantu bat gara”, eskainiko digu datorren ostegunean, abenduak 1, iluntzeko 19:00etan, Herriko Antzokian. 

 

Euskaraldia ekimenari bukaera ezin hobea emateaz gain, ezin dugu ahaztu hortxe izango dugula Euskararen Eguna ere ate joka. Abenduaren 3an izango da Euskararen Eguna, baina aurten zubi luze baten hasiera eguna denez, Elgoibarren aurretik ospatzeko aukera izango dugu Jon Maiaren kontzertuarekin.

 

Sarrerak salgai daude 10 euroan (3 euro Gazte txartelarekin) eta Herriko Antzokiaren  https://herrikoantzokia.eus webean. Horretaz gain, ostegunean bertan ere erosi ahalko dira Antzokiko leihatilan.

 

Hortaz, herritarrak animatu nahi ditugu osteguneko kontzertura etortzera, eta Jon Maiarekin batera, kantu bidez euskararekin gozatzera.