- Lau artista euskaldunek bina lan aurkeztu dituzte, eta herri bozketaren bitartez mural irabazlea aukeratuko da.
- Diseinu bakarra aukeratu daiteke, eta modu fisikoan (udaletxean, liburutegian, polikiroldegian eta Aita Agirren) edo formulario elektroniko honetan eman daiteke botoa.
Elgoibarko Udalak Santa Ana kalean mural handi bat margotuko du eta diseinua herritarrek aukeratuko dute prozesu parte-hartzaile batean: datorren irailaren 19an irekiko du Elgoibarko mural berriaren diseinuaren herri bozketa. Epea hilaren 30a bitarte mantenduko da zabalik, eta parte hartzen duten guztien artean Elgoibarko saltokietan gastatzeko hiru bono zozketatuko dira.
Artby proiektuaren eta Elgoibarko Udalaren eskutik, diseinuetan lau artista euskaldunek hartu dute parte, eta bakoitzak bi lan aurkeztu ditu: Sortwo, Pablo Astrain, Maialen Arocena eta Jabier Rodriguez dira lau artistak.
Proiektuaren helburua da herriko txoko hau berreskuratu eta atseginagoa egitea, herritarren gozamenerako.
Elgoibarren jaio, bizi, ikasi edo lana egiten duten bertako zein kanpoko pertsonek izango dute bozka emateko aukera. Parte-hartzeko gutxienez 16 urte izan behar dira. Bozketan bertan lau artisten zortzi diseinuak ikusteko aukera egongo da. Lan hauek herrian margotuko den paretara moldatuak izango dira. Boto bakoitzeko bakarra aukeratu daiteke, eta modu fisikoan (udaletxean, liburutegian, polikiroldegian eta Aita Agirren) edo modu elektronikoan eman daiteke botoa.