“Guztioi dagokigu elgoibartar guztioi zerbitzua eskaintzen diguten azpiegiturak zaindu eta egoki erabiltzea. Honelako ekintzek kostua dute herritar guztientzat, baina ez hori bakarrik, zerbitzu gabe uzten dituzte bizilagun asko, maiz ezinbestekoak direnean”.
Elgoibarko Udalak salatu du azken aste hauetan nabarmen ugaritu direla igogailu publikoen eta eskilara mekanikoen aurkako ekintza bandalikoak.
Eskilara mekanikoen kasuan, Artekalen eta Urazandin eman dira kasuak. Bertan, ‘STOP usuario’ izeneko segurtasun botoiari ematen diote eta eskilarak automatikoki geldiarazten dira erabilgarri egoteari utziz tekniko-aditu batek berraktibatu artean.
Igogailuen kasuan, Trenbide eta San Roke kaleak batzen dituen igogailuan edota Anbulategikoan eman dira azken ezbeharrak. Bertan hainbat erabiltzaile igogailu barruan saltoka aritzen dira blokeatu arteraino edota ateak bere eremutik ateratzen dituzte.
“Guztioi dagokigu elgoibartar guztioi zerbitzua eskaintzen diguten azpiegiturak zaindu, mantendu eta egoki erabiltzea. Honelako ekintzek kostua dute herritar guztientzat, baina ez hori bakarrik, zerbitzu gabe uzten dituzte bizilagun asko eta asko, askotan ezinbestekoak direnean herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko”.
Egileak identifikatzeko sistema ezarria dago azpiegitura hauetan, igogailuen kasuan kamerak, esaterako, eta Udalak kalte ordainak eskatzeko bideari ekin dio.
Udaltzaingoa eta Ertzaintza ekintza hauen jarraipena burutzen ari da. Herritar guztiei arduraz jokatzeko deia luzatu diete Udaletik eta antzerako ekintzaren bat ikusiz gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko eskatu dute: 943 74 13 94.