Haurrentzako erromeria eta Morkaiko Eguna  ospatuko dira asteburuan Elgoibarren

  • Azkueko zelaian txarangak, dultzaineroak, trikitixa eta dantza izango dira ostiralean Elgoibarko haurrentzako antolatutako festa girotzen eta larunbatean, Morkaiko Eguna ospatuko da bi mendi irteerekin: Elgoibarko itzulia, 38kmkoa eta itzuli txikia, familian egiteko 12kmko mendi itzulia. 
  • Horrez gain ohiko zinema eskaintza, haurrentzako magia ikuskizuna edota argazki erakusketa berri baten irekiera egongo dira aukeran aste honetan zehar Elgoibarren. 

 

Maiatzeko bigarren aste honetan, haur ekitaldiak eta kirola izango dira nagusi Elgoibarren. Izan ere, ostiralean, etxeko txikienei zuzenduriko erromeria ospatuko da Azkueko zelaian, 17:30etik aurrera. Bertan, haurrek txarangaz, dultzaineroez, trikitixaz eta dantzaz gozatzeko aukera izango dute, giro ezin hobean. 

Ostiralean, halaber, 7. Arteari buruzko kafe tertulia ere egingo da Lilan, arratsaldeko 18:30ean, Loredi Salegik gidatuta. 

Larunbatean, maiatzak 13, Morkaiko Eguna ospatuko da. Mendizaletasunaren festa da hau eta bi mendi irteera antolatzen dira ospakizun honen bueltan: Elgoibarko itzulia eta itzuli txikia. Lehen mendi irteera helduei zuzenduriko ibilbidea da, 38 km-ko ingurukoa eta 2.000 metro inguruko gorako desnibel positiboa duena eta goizeko 06:00etan irtengo da Kalegoen plazatik. Itzuli txikia, aldiz, familian egiteko mendi itzulia da, nagusi zein haurrei zuzenduta eta 12 Km-ko luzera eta 800 metro inguruko gorako desnibel positiboa du. Irteera hau goizeko 09:00etan aterako da plaza beretik. 

Morkaiko mendizale elkarteak antolatuta, egun honen baitan egiten da, baita ere, Finalistaren Eguna deituriko ekitaldia, hain zuzen, haurren artean mendi eta natura zaletasuna suspertzeko Haurrentzat zuzenduta dagoen arren, gurasoak ere parte har dezakete, familian egiteko ekintza dibertigarria bilakatuz. 

2023ko Morkaiko Egunaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago esteka honetan. 

Argazki erakusketa berria ere izango da ikusgai aste honetan Elgoibarren, maiatzaren 12tik 26ra bitartean, hain zuzen. Ongarri argazki taldeak antolatutako erakusketa hau ikusgai egongo da Kultur Etxeko erakusketa gelan eta ‘Nor eta non. Begirada bat Railowsky bildumari’ darama izenburutzat. Erakusketa sakonean ezagutzeko, maiatzaren 13an, larunbata, bisita gidatua egingo da arratsaldeko 19:30ean. 

Behin asteburua atzean utzita, hilaren 17an, asteazkena, ‘Niala Magoa’ren ikuskizuna eskainiko da, Gotzon Garate Udal Liburutegian, 17:00etan LH1eko haurrei zuzenduta eta 17:30ean LH2 eta LH3koentzat. 

 

Zinea

  • Un paseo con Madeleine: maiatzak 12, 13, 14 eta 15. 

Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 €/ Nagusiak 5 €.