Haur eta gazteentzako kirol egokituko jardueren ikastaro berria hasiko da Elgoibarren

  • Programak 20 urte betetzen ditu, eta astean kirol egokituko eta igeriketako saioak eskaintzen dizkie eskolaz kanpoko ordutegian kirol-jarduerarik egiteko aukerarik ez duten haur eta gazteei.

Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin, Gizarte Zerbitzuen Sailarekin eta Kirol Patronatuarekin elkarlanean, aniztasun funtzionala duten haur eta gazteei zuzendutako jarduera fisiko egokituen programa jarri du martxan aurten ere. Programa honen helburua parte-hartzaileen inklusioa eta ongizatea erraztea da, kirola eginez.

“Eskola Kirol Egokitua” programa 2024ko urriaren 1ean hasi eta 2025eko ekainera arte luzatuko da, eta Elgoibarko Institutuko gimnasioan egingo da. Saioak astearteetan izango dira eta bi taldeetan antolatuta daude:

  • 1. taldea (Lehen Hezkuntza): 17:00etan.
  • 2. taldea (DBHtik aurrera): 18:00etan.

Programa hau 6 eta 21 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago, kirol jarduerak euren behar eta gaitasunetara egokitzeko helburuarekin, parte-hartzaileen garapen integrala sustatuz. Aurreko edizioan Elgoibarko zortzi haur eta gaztek parte hartu zuten, eta aurten kopuruak gora egitea espero da.

Asteroko jarduera horretaz gain, Elgoibarko Udalak igeriketa egokitua ere eskaintzen du, guztientzako kirol jarduera irisgarriak eskaintzeko konpromisoaren barruan. Joan den ikasturtean 11 gaztek hartu zuten parte.

“Eskola Kirol Egokitua” programak 20 urte bete ditu dagoeneko Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak sortu zuenetik, eta erreferente izaten jarraitzen du kirol inklusiboari ematen dion laguntzan.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero edo izena eman nahi duten familiek 943 462514 zenbakira deitu edo info@gkef-fgda.org helbidera mezu bat bidali.