- Elgoibarko establezimenduen jabeek marka honi buruzko informazioa jasoko dute eta parte hartzeko emaila bidali kudeaketa@elgoibarkoizarra.eus edo telefono zenbaki honetara deitu 643499169 (Amaia Lasagabaster).
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak Euskaraz barra-barra marka jarri dute abian eta euskararen lurralde guztietara zabalduko dute. Marka honen helburua da merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan euskararen erabilera areagotzea, euskaraz aritzeko eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna dutenak identifikatuz, eta bezeroak erdigunean jarrita.
Marka hau Euskal Herri osora zabalduko da eta baldintzak betetzen dituzten establezimenduek bat egiteko aukera izango dute hemendik aurrera. Elgoibarrek ere bat egin du egitasmoarekin eta Udalak eta Elgoibarko Izarra elkarteak euskaraz barra-barra sustatzeko konpromisoa hartu dute.
Elgoibartarron euskara ezagutza altua bada, erabileran juxtu xamar gabiltza, eta arrazoietako bat izan daiteke ziurgabetasunak eragiten duen egoera deserosoa. Hau da, aurrean dugunak ulertuko ez ote digun beldurra, egoera deseroso eta liskartsuak ekidin nahia eta abar. Normala den bezala, euskaraz hitz egiteko baldintza batzuk behar edo nahi izaten ditugu euskaldunok. Egoera lasaia nahi izaten dugu, ingurukoek euskaraz badakitela jakin nahi izaten dugu euskaraz lasai egiteko. Ez dugu erantzun txarrik hartu nahi, edo ez dugu gaizki ulerturik nahi. Horregatik, askok, euskaraz egin beharrean, gaztelaniaz egiten dute euren ustez euskaraz ez dakiten leku nahiz egoeretan. Estres linguistikoa esaten zaio horri; “Euskaraz jakingo ote dute? Euskaraz egiten badut, ulertuko al didate? Ez ote dute gaizki hartuko nik euskaraz egitea?” moduko galderak eta kezkak pizten zaizkie askori buruan.
Euskaraz barra-barra ikurrarekin bezero euskaldunei adierazten zaie euskaraz lasai aritzeko aukera dutela ikurra jarrita duten establezimenduetan, izan ere, marka duten horietan euskaraz ulertzen duten langileak egongo direla bermatuko baita.
Marka berria establezimenduan jartzeko baldintzak ondoko hauek dira:
- Uneoro establezimenduan euskaraz dakien edo ulertuko duen langile bat egongo da.
- Langile guztiak euskaldunak ez diren establezimenduen kasuan, euskaraz dakien edo ulertzen duen langileak identifikagarri bat edo lepoko bat eramango du, markaren irudi bera izango duena.
Elgoibarko establezimenduen jabeek marka honi buruzko informazioa jasoko dute eta parte hartzeko interesa izanez gero, hala jakinarazi beharko dute Elgoibarko Izarra elkartera emaila bidalita kudeaketa@elgoibarkoizarra.eus edo telefono zenbaki honetara deituta 643499169 (Amaia Lasagabaster).