- Arratsaldeko 18:30ean izango da, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian.
Otsailaren 28an, asteazkena, Iñaki Iurrebaso soziologo legazpiarrak euskararen egungo egoerari buruzko nondik norakoak azalduko ditu, arratsaldeko 18:30ean, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian eskainiko dituen hitzaldian. Hitzaldia Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak antolatu dute elkarlanean, “Zergatik eta zertarako euskaldun?” egitasmoaren baitan.
Iurrebasok euskararen egoera ulertzeko lagungarriak izango diren ikuspegi eta gako berriak landu ditu “Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa” izeneko doktore tesian, eta horien berri emango digu hitzaldian.
Euskarak gaur egun bizi duen egoerari buruz hitz egingo du datuen argitara, eta besteak beste, honako gai hauek aletuko ditu eskainiko duen hitzaldian: euskara asko edo gutxi erabiltzen den egungo ezagutza kontuan izanda, euskararen biziberritze prozesuaren bilakaera, aurrera begira izan ditzakegun aukerak, Elgoibar moduko herriek euskara suspertzeko prozesuan izan dezaketen zeregina…