- Elgoibarko Udaleko Euskara Sailak errotuluak eta irudi korporatiboa euskaraz edo ele bietan jartzeko dirulaguntzak eskaintzen ditu, kostu osoaren % 50 arte estaliz.
- Eskaerak urriaren 30era arte aurkeztu daitezke, eta kontsultak egiteko Euskara Sailera zuzendu daiteke telefonoz edo posta elektronikoz.
Elgoibarko Udaleko Euskara Sailak establezimenduetako errotulu nagusia jartzeko dirulaguntzen deialdi berria zabaldu du. Dirulaguntza honen bidez, establezimenduek errotuluak euskaraz idazteko edota irudi korporatiboa euskaraz edo ele bietan jartzeko aukera izango dute.
Hitzartutakoaren arabera, dirulaguntzaren zenbatekoa kostu osoaren % 50 izango da, honen kostua gehienez 300 euro izanda. Bi kontzeptuetarako (errotuluak eta irudi korporatiboa) dirulaguntzak eskatuz gero, eskaera bakoitzeko urteko gehieneko zenbatekoa 500 eurokoa izango da. Dirulaguntza hori jasotzeko, ezinbestekoa da testuak euskaraz behar bezala idatzita egotea, egiaztapena Euskara Zerbitzuak egingo du. Nabarmendu behar da identifikazio-errotuluari dagokionez, errotuluak datu pertsonalak bakarrik baditu (izena, abizenak, etab.), ez dela inolako dirulaguntzarik emango.
Eskaerak aurkezteko epea urriaren 30ean amaituko da. Interesdunek Herritarrei Arreta Emateko Bulegoan (Santa Ana 2, behea) edo Elgoibarko Udalaren web orrian egin dezakete eskaera.
Zalantzaren bat izanez gero edo testua itzultzeko laguntza behar izanez gero, establezimenduetako jabeei Euskara Sailarekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie, 943744366 telefono-zenbakiaren bidez edo euskara@elgoibar.eus helbide elektronikoaren bidez.