Elgoibarko Udalak, Elgoibarko Izarrak eta AEK euskaltegiak, Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolaren laguntzarekin, “Enplego zoriontsu bat!” izeneko ikuskizuna antolatu dute, doan, Korrika Kulturala ekimenaren baitan.
Ekitaldia martxoaren 12an, asteartea, eskainiko da 19:00etan Musika Eskolako auditorioan, eta, bertan, Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñigo Astiz idazleak Gabriel Arestiren kantuak eta poemak kantatu eta errezitatuko dituzte.
Euskal literaturaren izen handietako bat da Gabriel Arestirena, eta neurrigabea da hark egindako ekarpena. Hamaika bider irakurri ditugu haren poemak, eta asko izan dira, belaunaldiz belaunaldi, haren testuei musika jarri dieten musikariak. Baina hain ditugu ezagunak eta ikusiak haren testu eta abesti batzuk, ezen, tarteka, jadanik ez baitugu zer esaten duten ere ikusten. Arestiren testuak irakurtzea eta haren kantak entzutea da arrisku hori saihesteko modurik ziurrena, eta hori da Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñigo Astiz idazleak emanaldi honetan proposatzen dutena: Aresti irakurri eta Aresti entzutea. Horretarako, Elorrietak eta Astizek Arestiren poemak eta kantuak eskaini eta haien ikuspegia ere azalduko dute.