- Ekitaldia irailaren 22an, igandean, izango da, 17:00etatik aurrera, eta irailaren 14tik abenduaren 14ra bitartean egingo den Gipuzkoako bertsolari txapelketaren baitan.
Datorren igandean, irailak 22, Elgoibarko Herriko Antzokian egingo da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako saioetako bat. Ekitaldia 17:00etan hasiko da, eta irailaren 14tik abenduaren 14ra egingo den txapelketaren parte da. Hilabete hauetan zehar, 16 saio egingo dira Gipuzkoako hainbat herritan, eta, guztira, 48 bertsolarik parte hartuko dute saio horietan. Final handia abenduaren 14an jokatuko da, Donostia Arenan, eta bertan lehiatuko dira sailkatzea lortzen duten zortzi bertsolariak.
Elgoibarko saioan, Olatz Zuazubiskarrek jardungo du aurkezle lanetan. Jardunaldian parte hartuko duten bertsolariak, berriz, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi, Libe Goenaga, Unai Izagirre eta Uxue Fernandez izango dira.
Txapelketarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Prezioak honako hauek dira: 12 euro sarrera orokorra, 10 euro bazkideena, eta 8 euro, 6 eta 18 urte bitarteko gazteena. Sarrerak saldu gabe geratzen badira, emanaldiaren egunean bertan erosi ahal izango dira Herriko Antzokiko leihatilan, 16:00etatik aurrera. Aretoko ateak, bestalde, 16:30ean irekiko dira, eta sarrerak ez dira zenbakituta egongo.
Txapelketari eta gainerako kantaldiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.bertsozale.eus webgune ofiziala kontsulta daiteke.