- Udaleko Berdintasun Sailak, guztira, 11.000 euro bideratuko ditu udalerrian genero berdintasuna sustatzeko helburua duten bi diru-laguntza deialdi abiarazteko. Tokiko entitateek maiatzaren 29ra arte aurkez ditzakete eskaerak.
Elgoibarko Udalak dirulaguntzen bi deialdi ireki ditu udalerriko toki entitateentzat, herrian emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatu eta lortzeko proiektuak garatu ahal izateko. Laguntza horien zenbateko osoa 11.000 eurokoa izango da.
Lehen deialdia dagoeneko irekita dago eta udalerriko elkarteei zuzenduta dago, eta guztira 5.000 euro erabiliko dira genero berdintasuna sustatzeko programa eta jarduera berariazkoak abian jartzeko. Laguntza hauek eskatzeko epea maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik, esteka honen bidez: Dirulaguntza eskatzeko lotura.
Era berean, Elgoibarko Udalak berdintasunaren aldeko programa zehatzak garatzen dituzten Elgoibarko emakumeen elkarteentzako dirulaguntzen deialdia ere zabaldu du. Ildo horretatik, Udalak beste 6.000 euro emango ditu laguntzetara. Kasu honetan ere, eskaerak egiteko epea maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik.
Legeak eskatzen duenari jarraiki, elkarteentzako dirulaguntza guztiak era telematikoan bideratu beharko dira.
Udalak udalerriko erakunde eta elkarte guztiei dei egiten die beren proiektuak aurkez ditzaten eta, hartara, Elgoibarko gizartea hobetzeko eta gizarte hori inklusiboagoa, berdintsuagoa eta bidezkoagoa bihurtzeko ekimenak diruz lagundu daitezen.