-
Aurtengo jaietan, hiru egunetan izango da Beldur Barik Gunea, hau da, eraso matxisten prebentzio eta aholkularitza zerbitzua: abuztuaren 23an, 26an eta 28an, Kalegoen plazan, 22:00etatik 1:00etara.
Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak, Lilako mahaikideekin batera eta herriko ostalarien laguntzarekin, “Jaietan ere, indarkeria matxistari eta LGTBI+fobikoari EZ!” kanpaina abiatu du, jaiak berdintasunean eta erasorik gabe igaro daitezen.
Elgoibarko Udalak, San Bartolome jaietan ere, eraso matxistarik eta LGTBI+fobikorik gabeko herri baten alde egin nahi du, eta horrexegatik, herriko talde feministei eta ostalariei lankidetzan aritzeko proposamena egin die. Udalak uste du denon ardura dela festak guztiontzat seguruak eta gozagarriak izateko lan egitea; eta bide horretan, ezinbestekoa da eraso matxisten prebentzio lanetan herriko eragile ezberdinak lankidetzan aritzea.
Aurtengo jaietan, hiru egunetan izango da Beldur Barik Gunea, hau da, eraso matxisten prebentzio eta aholkularitza zerbitzua: abuztuaren 23an, 26an eta 28an, Kalegoen plazan, 22:00etatik 1:00etara. Konkretuki, San Bartolome bezpera eguna, baserritarren eguna eta gazteen eguna izango dira aurten.
Halaber, abuztuaren 25ean, Txiki egunean, 13:00ak eta 16:00ak bitartean, Kalebarren plazan, “Jaietan ere, indarkeria matxistari EZ!” fotokolaren 5. edizioa egingo da, herritarren argazkiak jasotzeko.
Gainera, herriko ostalariei prebentzioan laguntzeko lankidetza proposamena egin zaie, eta kanpainan parte-hartzeko prest agertu diren 11 ostalarien bitartez, abanikoak, pultserak…banatuko dira, “ASKE MAITTE DAIGUN!” leloarekin, sentsibilizazio kanpainaren barruan. Honekin batera, Lilakideekin batera landu den protokoloa banatuko da, eraso matxista baten aurrean jarraitu beharreko pausoak azaltzen dituen protokoloa, hain zuzen (poltsikorako esku-orri formatuan).
Bukatzeko, bigarren urtez jarraian gaueko taxi zerbitzua eskainiko du abuztuaren 23, 25, 26 eta 28an. 01:00etatik 07:00etara izango da eta herri barruko ibilbideak egiteko soilik balioko du zerbitzuak. Doanekoa da eta Txarridunako biribilgunetik abiatuko da. Ezin da aurrez erreserbarik egin; ilaran egon behar da eta hurrenkeran hartu ahal izango da taxi zerbitzua. Udalaren helburua ekimen honekin da gaueko parranden ostean etxeratze lasai eta seguruak bermatzea.
Kanpaina bultzatzen duten erakunde eta elkarteen iritziz, jaietan ere islatu behar da berdintasunezko gizartearen aldeko lana, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizartearen aldekoa. Ez alkohola, ez jaia bera, ez dira aitzakia parte-hatzaileen arteko harremanak berdintasunezkoak ez izateko, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzeko, edo zenbait tokitan segurtasun eza edo beldurra sentitzeko. Hortaz, jarrera aktiboa eskatzen dute herritarrak errespetatzen ez dituzten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra. Errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrera, alegia. Eta herritar guztiei dei egiten diete jaietan ere jarrera sexistarik gabeko espazioak sorrarazten laguntzeko.