Elgoibarrek eta Debabarrenak inbertsio handiak jaso dituzte kirol-azpiegituretan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak 550.000 euro bideratuko ditu Elgoibarko kiroldegietan eta futbol-zelaietan hobekuntzak egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak inbertsio esanguratsu bat iragarri du Debabarrenean, 830.000 euro guztira, hainbat kirol-azpiegitura hobetzeko. Elgoibarko udalerria izango da onuradun nagusietako bat, eta 550.000 euro jasoko ditu Olaizaga kiroldegia eta Mintxeta futbol-zelaia hobetzeko.

Goizane Alvareze Kultura eta Kirol diputatuak, 2023-2025erako Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren baitan inbertsio hauek duten garrantzia azpimarratu du: “Gipuzkoako 10 pertsonatik 7k kirol instalazioa hobeak izango dituzte 2023-2025erako Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planari esker”. Plan horrek 8.180.000 euroko inbertsioa aurreikusten du guztira, probintziako 35 udalerritan kirol-azpiegiturak hobetzeko, 523.091 pertsonaren mesederako, hau da, gipuzkoarren % 72,8ren mesederako.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak adierazi duenez, “Inbertsio hau bultzada garrantzitsu bat da gure kirol azpiegiturentzat. Gure kiroldegiak eta futbol-zelaiak hobetzeak, kirola egiten dutenei mesede egiteaz gain, jarduera fisikoa sustatuko du pertsona gehiagoren artean, ingurune osasungarri eta aktiboagoa lortzen lagunduz. Eskerrak ematen dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiari udal proiektuetan laguntzeagatik eta hobekuntza horiek gure udalerriarentzat duten garrantzia aitortzeagatik”.

Elgoibarren 480.000 euro erabiliko dira Olaizaga kiroldegia hobetzeko, eta 75.360 euro Mintxeta futbol-zelaia zabaltzeko. Elgoibarko kirol-instalazioak berritzeko irizpideak funtsezko hainbat alderditan oinarritzen dira. Kiroldegian, osasungarritasunak eta klimatizazioak lehentasuna dute, eta barnealdean arazo garrantzitsuak konpontzea bilatzen duten esku-hartzeak egiten dira, klimatizazio-sistemak instalatuz. Gainera, mantentze-lanak eta kontserbazioa funtsezkoak dira, estalkiak babestera bideratuta, akaberak ordeztea eta iragazgaiztea barne. Energia-eraginkortasuna ere helburu erabakigarria da, elektrizitate- eta argiteria-sistemetan hobekuntzak ezarriz, energia-kontsumoa optimizatzeko. Azkenik, jarduerak dibertsifikatu nahi dira, igerilekuan bereziki, jardueren eskaintza zabalduz, publiko anitzagoa erakartzeko.

Elgoibarko futbol-zelaia berritzeko irizpideei dagokienez, hainbat alderdi garrantzitsutan oinarritzen dira. Erabilerari eta irisgarritasunari dagokienez, instalazioetan eremu horiek hobetzeko esku-hartzeak aurreikusten dira. Estalkia eta harmailak mantentzea lehentasunezkoa da, elementu horiek kontserbatzeko obrekin, akaberak ordeztea eta iragazgaiztea barne. Gainera, energia-eraginkortasuna hobetzen jarraitu nahi da, argiei arreta berezia eskainiz. Azkenik, jarduerak egingo dira udal-klubek gero eta gehiago eskatzen dituzten kirol-azaleren eskaerei erantzuteko.

Debabarreneko proiektu nabarmenak

Elgoibarko inbertsioez gain, eskualdeko beste udalerri batzuek ere jasoko dituzte laguntza horiek. Mutrikun 150.000 euro erabiliko dira futbol-zelaiak hobetzeko; Eibarren, berriz, 80.000 euro inbertituko dira pumtrack/skate park berria sortzeko. Ekimen horien helburua da kirola sustatzea eta kalitatezko instalazioak eskaintzea Debabarrenean bizi diren guztiei.

Kirol-instalazio horiek zaharberritzea eta hobetzea Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde osoko kirol-azpiegiturak hobetzeko hartutako konpromisoaren adibide bat baino ez da, Elgoibarko eta Debabarreneko herritarrek kirola egiteko kalitatezko instalazioak izango dituztela bermatuz.