ELGOIBARKO UDALAREN ADIERAZPENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AUZITEGI NAGUSIAREN 435/2023 EPAIAREN AURREAN

 

 

Elgoibarko Udalak ondorengo adierazpena onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman berri duen epaia dela eta. Epai horrek 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko. Ondorioz, Elgoibarko Udalak honako hau adierazten du:

 

1.- Aurretik, Konstituzio Auzitegiaren epaian egin bezala, Elgoibarko Udalak berretsi egin du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.

 

2.- Elgoibarko Udalak uste du epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela.

Elgoibarko Udalak bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko.

 

3.- Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak dira.

 

4.- Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. Elgoibarko Udalak egungo egoera balioan jartzen du, estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera baita.

5.- Honenbestez, dei egiten diegu herriko elkarte eta norbanakoei, urriaren 26an, 19:00etan, Kalegoen plazan, izango den euskararen aldeko kontzentrazioan, eta halaber,  Bilbon, azaroaren 4an, 17:00etan egingo den hizkuntza-eskubideen aldeko manifestazioan parte hartzera.