- Udalak azaldu duenez, matrikula osoa ordainduko zaie Elgoibarren erroldatuta dauden langabetuei, ikasleei, pentsiodunei eta jubilatuei. Lanean dihardutenei, berriz, matrikularen erdia.
Aurreko ekitaldietan egin den modura, Elgoibarko Udalak baieztatu du dirulaguntzak emango dizkiela Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) uda honetarako egin duen eskaintzaren baitan antolatutako ikastaroetan parte hartzen duten herritarrei.
Izan ere, UEUk, dagoeneko prestatu du Eibarren, Usurbilen, Tolosan, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Baionan, ekainaren 6tik uztailaren 10era bitartean, egin ahal izango den ikastaro sorta. Aurreko edizioetan bezala, ikastaro hauetan izena ematen duten herritarrek ikastaro sorta zabala izango dute aukeran, eta askotariko jakintza arloak landu ahal izango dituzte.
Hauek izango dira eskainiko diren ikastaroak, eta matrikulak jada zabalik daude www.ueu.eus helbidean:
- Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak (Hasiera Ekitaldia) Iruñea, ekainak 6
- Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik Tolosa, ekainak 13
- Euskarazko Rol Jokoen Olatu Berria: azken urteetako proposamenak ezagutu, ulertu eta jokatzeko tartea Eibar, ekainak 15
- Matematikari Euskaldunen VI. Topaketak Eibar, ekainak 17
- Globalizazioaren ondorenaz eta egokitzapen aroaz Eibar, ekainak 18
- Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka (Jakin jardunaldia) Usurbil, ekainak 20-21
- Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide Iruñea, ekainak 26
- Nafarroako Herri Hezitzaileak saretzen Topaketa Iruñea, ekainak 26
- Hizkuntzalari Euskaldunen VII. Topaketa: hizkuntzaren ikerketa gaur egun Iruñea, ekainak 27
- Krutwig, Aginaga, Txillardegi: askatasun-sortzaile madarikatu horiek! Donostia, ekainak 28
- Euskalduntze-alfabetatzea intersekzionalitatearen ikuspegitik. Hizkuntza disidenteak (Glotodidaktika VIII. Topaketa) Bilbo, uztailak 2
- Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen X. Bilkura: Artxiboen papera ikerkuntza prozesuan Eibar, uztailak 4
- Hezkuntza soziolinguistikoa: esperientzien partekatzea eta aurrera begirakoa Eibar, uztailak 4
- iVentoy: Sistema Eragileen instalazio anizkoitzak egiteko tresna askea Eibar, uztailak 4
- Pedagogia konprometituak: transgresioa gorpuzteko manerak Eibar, uztailak 5
- Zero kilometro arkitektura: azpiegitura berriak sortzaileen eskutik (bisita gidatuak) Getaria-Donostia, uztailak 5
- Euskal literaturaren odolusteak, odolosteak eta odol ustelak Eibar, uztailak 5
- Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara Baiona, uztailak 8
- “ON! Piztu euskara(z)” sentsibilizazio estrategia partekatuaren nondik norakoak Baiona, uztailak 9
- Belaunaldiartekotasunetik ikasten duen komunitatea sortzen eta elikatzen Eibar, uztailak 10
UEUk antolatu dituen ikastaroei buruzko informazio gehigarria nahi dutenek Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean www.ueu.eus izango dute eskura. Eibarren programatutako ikastaroak, bestalde, Isasi-Markeskoa jauregian emango dira (telefonoa: 943 821426, markeskoa@ueu.eus).
Elgoibarko Udalaren Euskara Sailaren dirulaguntzei dagokienez, aditzera eman behar da, Udalak matrikula osoa ordainduko diela Elgoibarren erroldatuta dauden langabetuei, ikasleei, pentsiodunei eta jubilatuei. Lanean dihardutenei, berriz, matrikularen erdia diruz lagunduko die. Dirulaguntzari buruzko informazio gehiago lortu nahi dutenek Elgoibarko Udalaren Euskara Sailera jo beharko dute.