Zerbitzua apirileko ohiko osoko bilkuran jarriko da martxan.
Horrela, elgoibartarrek edozein tokitatik jarraitu ahal izango dituzte osoko bilkurak Interneterako konexioa duen gailu batekin, www.elgoibar.eus eta Udaleko sare sozialen bidez.
Elgoibarko Udalak 2022ko martxoaren 30ean egindako martxoko ohiko osoko bilkuran onartu zuen osoko bilkurak streaming bidez ematea, www.elgoibar.eus udal webgunearen bidez. Udaletxeko sare sozialetan ere zabalduko da (Twitter, Facebook, Instagram eta YouTube). Horrela, elgoibartarrek edozein tokitatik jarraitu ahal izango dituzte osoko bilkurak Interneterako konexioa duen gailu batekin.
Udalbatzak, 2019ko irailaren 25ean egindako osoko bilkuran, aho batez onartu zuen osoko bilkura guztiak streaming bidez edo antzekoen bidez ematea ezartzen zuen mozioa. Horren harira, emankizun hori egin ahal izateko sistema teknologikoekin bilkura-aretoa egokitu ondoren, apirileko ohiko osoko bilkuratik aurrera egingo da.
Ane Beitia alkateak nabarmendu duenez, “udal osoko bilkuren emanaldia gardentasuna indartzeko, gai publikoetan herritarren parte-hartzea errazteko eta Elgoibarko toki-administrazioa modernizatzeko ekintza gisa planteatzen da”.
Bideo akta
Hala ere, Udalak beste urrats bat eman nahi izan du eta saio telematikoaren grabazioa ikus-entzunezko akta edo bideo akta bihurtu. Grabazio hori, sinatu ondoren, bideo-dokumentu ofiziala izango da. Bilkuraren akta, alde batetik, dokumentu idatzi batez osatuko da. Bertan, quorumari eta erabakiak hartzeari buruz adierazitako baldintza formalak jasoko dira, eta ez dira aktan jasoko bilkuran egindako eztabaidak eta esku-hartzeak; eta, bestetik, bilkuraren bideo-grabazioa, ikus-entzunezko akta edo bideo-akta, bideokonferentziaren tresnak berak egina eta erabiltzen den prozesu- eta biltegiratze-sistemara esportatua; bi agiri horiek idazkaritzak sinatuko ditu elektronikoki.
Editatutako fitxategiak Udalaren webgunean egongo dira eskuragarri, ‘Osoko Bilkurak’ atalean.