Elgoibarko Udalak “Mintza ON” saioak antolatu ditu, euskarazko mintzapraktika saioak online egiteko

  • Proiektu hau euskara erabiltzeko aukera murritzak dituzten edo euskara praktikatzeko ingurune zabalagoa behar duten ikasleei zuzentzen zaie. 
  • Izen-ematea ikastetxean bertan bideratu ahal izango da edo web orri honen bitartez: https://labur.eus/MintzaONElgoibar.

 

Elgoibarko   Udalak eta EBETE enpresak Mintza On proiektuaren bigarren edizioa jarri dute abian Elgoibarren, etxetik eta online euskara praktikatzeko helburuarekin. Joan den ikasturtean abian jarritako egitasmoa da Mintza On, eta 16 ikaslek parte hartu zuten, balorazioa positiboa izanik.

Proiektu hau euskara erabiltzeko aukera murritzak dituzten edo euskara praktikatzeko ingurune zabalagoa behar duten ikasleei zuzentzen zaie. Hala, proiektu horren bitartez, euskarazko mintzapraktikako saioak online egiteko aukera eskainiko zaie LH 3., 4., 5., eta 6. mailetako ikasleei.

Ikasleak talde txikitan arituko dira euskaraz hezitzaileen laguntzarekin. Astean behin, 45 minutuko saio bat egingo da, eta guztira, 24 saio izango dira ikasturtean zehar.

Saioak ikasleen ordutegiari egokituko zaizkio, eta hainbat aukera izango dira egitasmo honetan parte hartu ahal izateko.

Programa honetan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da, eta partaide bakoitzak 20 euroko matrikula ordaindu beharko du. Izena emateko azken eguna, bestalde, azaroaren 1a izango da. Izen-ematea ikastetxean bertan bideratu ahal izango da edo web orri honen bitartez: https://labur.eus/MintzaONElgoibar

Behin izena eman ondoren, partaideei egitasmoan parte hartzeko informazio osagarria bidaliko zaie: konexiorako lotura, ordutegia, ordainketa egiteko argibideak…

Informazio gehiago nahi izanez gero, mintzaon@ebete.eus helbidera idatzi edo Udaleko Euskara Sailera 943741050 (luzapena 403) deitu daiteke.