2024KO EKAINAK 28. LGBT+ HARROTASUNAREN EGUNA
Ekainaren 28an, LGBT+ harrotasunaren egunean, harro gaudela aldarrikatu nahi dugu. Harro gaude gure bizitzez, harro gure genealogiaz eta harro LGBT+ mugimenduaz.
Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakera ezberdinek zein manipulazioak, eskuin muturreko diskurtso intoleranteek eta gorroto jarrerek cisheteroarautik kanpo kokatzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzten honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen gogora ekartzea, ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dugu. Eraso LGBT+fobikoen salaketen datuak esponentzialki egin dute gora azken urteetan, LGBT+ pertsonen inbizibilizazio eta bazterketak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira…, eta, ondorioz, gure bizitzak arriskuan daude.
Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. Horretan ari gara eta hori sustatzen jarraituko dugu, askoren artean eta elkarlanean.
Horregatik, guztiagatik, udaletan konpromisoa hartzen dugu, gure herriko LGBT+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoak egin, eta honetan oinarritutako ekintza plan integralak abiatzeko. Prozesu hauek, herriko LGBT+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta mugimendurik egon ezean, erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko moduak sustatuko ditugu.
Elgoibarko Udalak pertsona guztien eskubideak defendatzeko eta babesaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako neurriak herri politiketan txertatzeko ahaleginean jarraituko du. Lanean jarraituko dugu tratu berdintasunerako, errespeturako eta aniztasunerako jarduerak bideratzeko, eta horretarako, honako ekintza hauek egingo ditugu:
- Kultura programazioetan LGBT+ pertsonen ikusgarritasuna sustatzen jarraitzea.
- Ikastetxeetan identifikatzen diren jazarpen LGBT+fobikoak artatzen jarraitzea.
- Elgoibarko Udalaren indarkeria matxista kasuen arreta protokoloa eguneratzean, LGBT+ kolektiboaren aurkako erasoei erantzuteko begiradarekin ere lantzeko konpromisoa hartzea.
- Udaleko protokolo hau gure herriko talde feministekin eta LGBT+ kolektiboekin bateratzeko konpromisoa hartzea.
LGBT+ pertsonen ikusgarritasuna lantzeko proposamenean, LGBT+ pertsonen zahartzaroa ere txertatzeko konpromisoa hartzea.
Prestakuntza-programak ezartzea eta maskulinitateari buruzko kontzientziazio-kanpainak antolatzea.
LGBT+ begirada duen herritarrentzako sexu aholkularitza zerbitzua sustatzea.
Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGBT+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gora ekainaren 28a