- Ekimen honek Gabonetako jai eta ekitaldi guztiak bateratu ditu ditu elgoibartarrei eta bisitariei jai-giro aberatsa eta ugaria eskaintzea xede zuen programa bakar batean.
- Udalak eskerrak eman nahi dizkie jarduera horietan parte hartu duten elkarte, talde eta pertsona guztiei, eta espero du datozen Gabonetan ere lankidetza eta talde-lan horri eustea.
Elgoibarko Gabonetako programazioak, 2023-2024ko Gabonetako denboraldian eskaini denak, oso balorazio positiboa jaso du Udalaren eta programa antolatzen parte hartu duten elkarteen aldetik. Ekimen horrek Gabonetako jai-ekitaldi guztiak bateratu ditu Elgoibarko herritarrei eta bisitariei jai-giro aberatsa eta ugaria eskaintzea helburu zuen programa bakar batean.
Elgoibarko Gabonetako programazio bateratua hainbat esparru sustatzeko helburuarekin diseinatu zen, kulturatik hasi eta lehen sektore ekonomikoraino, ostalaritza eta tokiko merkataritza dinamizatuz eta haur eta nerabeentzako jarduerak eskainiz.
Udalak balioa eman nahi dio kultur elkarteen ekarpenari, eta, bidenabar, Gabon Zaharretako Feria moduko jardueren arrakasta nabarmendu nahi du; izan ere, 122 posturekin, festa giroa sortu eta ehunka bisitari erakarri zituen herrira. Aurten, ostalariek, beste urte batzuetan ez bezala egin dute lan egun horretan, eta, horrexegatik, oso pozik agertu dira, Aizu Ostalarien Elkartearen esanetan.
Nabarmentzekoa da 300 haur eta nerabek parte hartu dutela hainbat jardueratan. Horren haritik, garrantzia berezia dute ludotekaren eskaintzak, Atxutxiamaikako txoko eta jarduerek, eta Gaztelekuak gazteentzat antolatu dituen ekitaldi bereziek. Bestalde, eguraldi txarra izan zen arren, harrera ona izan zuten Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerak eta Erregeen Kabalgatak. Era berean, Jaiotzen Lehiaketan, 19 taldek eta 74 haurrek parte hartu zuten, eta Parrokiako jaiotza ere oso arrakastatsua izan zen.
Ukaezina da ekimen horrek gure herriko ekonomian izan duen eragin positiboa, batez ere, ostalaritzan, salmentek gora egin baitzuten Gabonetan. Lagungarriak izan dira horretarako gure herriko kaleak girotzeko eta gure herriko ekonomia sustatzeko egin diren kale-jarduera guztiak. Jarduera horiek antolatzeko orduan, lehentasuna izan du udalerriko hainbat kultura-elkarterekin lankidetzan aritzeak. Jarduera horien guztien balorazioa positiboa da, Txankakua merkatarien elkartearen eta Aizu ostalarien elkartearen ustetan.
Txankakua elkarteak dioenez, egindako jarduerek kaleetako giroa berotu badute ere, merkataritza sektorearekin zuzenean lotuta dagoen jardueraren baten falta sumatu dute, hala nola, aurreko urteetan egin izan den Gabonetako erakusleihoen lehiaketarena. Mota horretako jarduerek ilusioa sortzen diete, eta datozen Gabonetarako kontuan hartu beharreko zerbait da.
Laburbilduz, Elgoibarko Udalaren Gabonetako programazioa lorpen nabarmena izan da; izan ere, elgoibartarrak elkartu ditu jai eta ekitaldi ugariren bueltan. Horrexegatik, Udalak eskerrak eman dizkie jarduera horietan lanean jardun duten elkarte, talde eta pertsona guztiei, eta espero du lankidetza eta talde-lan horri hurrengo Gabonetan ere eustea.