Elgoibarko Udalak Gabonetako argien pizte-ordua mugatuko du energia aurrezteko

  • Guztira 154 argi estruktura inguru jarriko dira 20 gune eta kale ezberdinetan. 
  • Argiak 18:00etatik 22:00etara piztuko dira, ohikoa baino ordubete gutxiago, abenduaren 8tik urtarrilaren 6ra. 
  • Udalak aurreikusten du %20 inguru energia aurreztuko duela aurreko urtearekin alderatuta, gabon giroa mantenduz. 

Elgoibarko Udalak jada burutu ditu Gabonetako argiak ezartzeko aurre-instalazio lanak. Argiak ipiniko diren alanbreak eta elikadura koadroak jarri dira. Datorren abenduaren 8an piztuko dira, urtarrilaren 6a bitarte. 

 

Udalak aurreratu du argien piztuera ordua mugatuko duela ere energia aurrezpena bultzatzeko: 18:00etatik 22:00etara piztuko dira (iaz arte gaueko 23:00ak arte egoten ziren piztuta). Argiteria guztia jasangarria eta kontsumo baxukoa da. 

 

Neurri honekin Udalak aurreikusten du %20 inguru energia aurreztuko duela aurreko urtearekin alderatuta. Ane Beitia alkateak adierazi du “energiaren prezioak gora egin du azken urte honetan, eta herritarrengan eragin duen eran, Udalean ere eragin du. Beharrezkoa da energia aurrezteko neurriak hartzea: Gabon argien pizte-ordutegia mugatuko dugu. Argiak eta Gabonetako giroa mantentzen ditugu gure kaleetan, etxeko txikienen ilusioa sustatuz eta kaleak eta tokiko merkataritza biziberritzen saiatuz, are gehiago prezioen igoera handiak eragindako une zail honetan, baina modu jasangarri eta arduratsuan”.

 

Gabon argiterian hobekuntzak

 

Elgoibarko Udalak Gabonetako argiterian egokitzapen ugari burutuko ditu, hala nola, kale berri batzuetan argiteria ezarriko da eta argi motak ere hobetuko dira mugimendua sartuz argiterian flasha, elur-erorketaren efektuak, ur-efektuaren mugimenduak eta distiren mugimendu leunak irudikatuz. 

 

Guztira 154 argi estruktura inguru jarriko dira 20 gune eta kale ezberdinetan. Berrikuntzen artean, indartuko da argiteria Altzolan, Sigman, San Pedron, Toletxen, San Roken, Urazandin, Trenbide kalean, Basarten, Kurutzealegin edota Erretxindin. Kale hauetan gabon bolak, zuhaitzak edota ZORIONAK hitza irudikatuko dituzte gabon argiek. 

 

Guztira 10.886 voltioko indar-elektrikoa dute luminaria guztiek bere osotasunean.