- 2024-2028 Plan Estrategikoak herritarren, arlo sozioekonomikoko eragileen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza indartzen du, euskararen erabilera sendotzeko.
- Planaren oinarri dira: Herrian euskarazko eskaintza eta erabilera bermatzea, Eragile ezberdinekin elkarlana areagotzea, Herritarrak sentsibilizatzea eta motibatzea, eta Euskarari behar duen lekua ematea.
Elgoibarko Udalak Euskara Sustatzeko 2024-2028 Plan Estrategiko berria aurkeztu du, udalerrian euskararen ezagutza, erabilera eta prestigioa sendotzeko diseinatutako ekintza-markoa, herritar guztien beharrei erantzuteko eta herri inklusiboagoa eta euskaldunagoa bilakatzeko.
Testuingurua eta helburuak
Plan hau 2003an Udalak hartu konpromisoaren jarraipena da, Euskara sustatzeko lehen Plan Estrategikoa onartu zenean, eta aldian aldiko ekintza-planekin gauzatu du.
Elgoibarko Udalak aurrera begirako helburuak, ildo estrategiko nagusiak eta horiek lantzeko ekintzak jaso ditu planean, betiere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onartu duen AROA marko berria oinarri izanda. AROA gizarte honen beharrei erantzun nahi dien marko estrategikoa da, eta gizarteak azken hamar urteetan izan dituen aldaketei erantzun eta erakunde eta herritarrekin lankidetzan euskara indarberritzen jarraitzeko oinarriak finkatzen ditu. Izan ere, euskararen ezagutza kopuruz gero eta handiagoa den garai honetan, euskara erabiltzen dugun hiztun kopurua igotzea da hurrengo erronka nagusia, eta horrekin batera, komunitatea handitu eta sendotzea.
Marko aproposa da jauzi kualitatiboak egiteko, esate baterako, herrian euskararen aldeko sentsibilizazio-lana egiteko, euskararen aldeko jarrerak, jokabideak eta konpromisoak aktibatzeko, edota euskara sustatzeko lanean ari diren elkarte eta erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza areagotzeko.
Planaren helburu nagusia da euskal hiztunak ahalduntzeko eta euskararen erabilera indartzeko ibilbide-orria eskaintzea, Elgoibar udalerri euskaldunagoa, justuagoa eta inklusiboagoa izan dadin.
Jarduera-arlo nagusiak
Plan Estrategikoak neurri zehatzak biltzen ditu funtsezko hainbat eremutan:
- Familia Transmisioa: Auzoko eta Berbazulo bezalako ekimenak bultzatu nahi dira, euskara jatorri askotariko herritarrei hurbiltzeko, kultura transmisioa bermatuz eta indartuz.
- Hezkuntza: Eremu hau garrantzitsua da euskalduntzerako eta euskararen erabilera sustatzeko ezinbesteko esparru bilakatzen da. Egungo dinamikari eutsi nahi zaio, eta arlo horretan izan diren lorpenak sendotu, kaltatea mantenduz eta euskara ikasteko edo erabiltzeko zailtasunak dituzten ikasleei baliabideak emanez eta laguntza eskainiz. Halaber, tokiko ikastetxeekiko lankidetza bultzatuko da.
- Euskalduntzea eta Alfabetatzea: Euskaltegiek funtsezko zeregina izango dute AISA moduko ikastaroen eskaintzarekin eta ikasle berriak erakartzeko programa espezifikoa, eskaintza anitza eta egungo errealitate eta beharretara egokitutakoa sustatuz.
- Arlo sozioekonomikoa: Enpresari, dendari eta ostalariekin lan egingo da euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eskainiz, adibidez, dirulaguntzak, prestakuntza saioak, sentsibilizazio-kanpainak…
- Kultura, Ondarea eta Corpus Linguistikoa: Elgoibarrek euskarazko kultur eskaintza indartzen jarraituko du, euskarazko sorkuntza sustatuz eta ikerketa lan berriak eginez. Corpusari dagokionez, egokitzat jo da Badihardugu elkartearekin elkarlanean jarraitzea, bertako euskara zaindu, jaso eta gizarteratzeko.
- Aisialdia, Kirola eta Gazteria: Kirolean eta aisialdian euskararen erabilera sustatzeko ekintza espezifikoak ezarriko dira, kirola hizkuntza-normalizaziorako funtsezko tresna gisa nabarmenduz. Gazteriari dagokion eremua lehentasunezkotzat jo da, eta lan egiteko modu berriak abian jartzeko beharra ikusi da, gazteengana iritsi eta eurekin elkarlanean aritzeko.
- Sentsibilizazioa eta motibazioa: Kontzientziazio-ekimenak indartuko dira, hala nola Euskaraldia, herritarrak euskara eguneroko bizitzan erabiltzera animatzeko, euskararen garrantziari eta prestigioari buruzko mezu positiboak sustatuz.
- Komunikabideak: BARREN astekaria bezalako hedabideei eta Debabarreneko Komunikazio Taldea (DKT) bezalako lankidetza-proiektuei laguntzen jarraituko da, euskararen presentzia bermatzeko informazioaren arloan.
Plana partaidetza-prozesu baten ondorioz egin da. Prozesu horretan, gizarte-eragileek, toki-erakundeek eta herritarrek parte hartu dute, elkarrizketen, lan-mahaien eta analisi kualitatiboen bidez. Ikuspegi horri esker, eremu bakoitzerako erronka espezifikoak identifikatu eta horiek gainditzeko ekintza zehatzak diseinatu ahal izan dira.
Elgoibarko Udalak gobernantza- eta jarraipen-egitura zehaztu du, planaren aurrerapenak aldiro ebaluatzeko. Neurtutako adierazleek euskararen erabileraren bilakera erakutsiko digute, baita sentsibilizazio-kanpainen eragina ere, proiektuaren gardentasuna eta eraginkortasuna bermatuz.
2024-2028 Plan Estrategiko honen bidez, Elgoibarrek euskara biziberritzeko konpromisoa indartzen du, euskara bere kultura-nortasunaren ardatz nagusia eta gizarte-kohesiorako tresna baita. Herritarrak ekimen honetan aktiboki parte hartzera gonbidatuta daude, etorkizunean herri euskaldunagoa izateko.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu planaren dokumentu osoa Elgoibarko Udalaren webgunean (www.elgoibar.eus) edo jarri harremanetan Udalaren Euskara Zerbitzuarekin.