- Udalak eta PUNTUEUS fundazioak laguntzak emango dizkiete Elgoibarko enpresa, establezimendu eta entitateei .EUS domeinua erabil dezaten.
PUNTUEUS fundazioak eta Elgoibarko Udalak hitzarmena sinatu dute elkarte, establezimendu eta enpresen digitalizazioa sustatu eta ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzeko. Sinatu berri den hitzarmenaren helburua izango da herriko ingurune digitalean euskararen erabilera indartzea. Horretarako, egungo egoera aztertuko da eta, egoera ezagutu ondoren, euskararen erabilera handitzeko ekintzak planteatuko dira.
Elgoibarko Udaleko eta PUNTUEUS fundazioko ordezkariek eman dituzte hitzarmen sinatu berriaren inguruko xehetasunak: Ane Beitia, alkatea, Maialen Gurrutxaga, Euskara zinegotzia, Josu Waliño, PUNTUEUS fundazioaren zuzendaria, Euskara eta Sustapen Ekonomikoko udal teknikariak eta gure herrian .EUS domeinua erabiltzen duten hainbat entitatetako ordezkariak: Agurtzane Etxaniz, Debemen, Debabarreneko Landa Garapenerako elkarteko zuzendaria, Yolanda Garcia, IMHko euskara arduraduna, Imanol Larrañaga, Elgoibarko Izarra elkarteko teknikaria eta Ainhoa Andonegi, BARRENeko zuzendaria.
Josu Waliño PUNTUEUS Fundazioaren zuzendariaren hitzetan, “Euskarak ingurune digitalean behar duen presentzia izan dezan, tokikotik eragitea ezinbestekoa da, saltoki, entitate eta enpresa txikien digitalizazioa euskaratik sustatuz .EUS domeinuaren bidez”.
Izan ere, euskararen eta euskal kultura komunitatearen lehen mailako domeinua den .EUS domeinua kudeatzen duen PUNTUEUS fundazioaren helburu nagusia gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da.
Horretarako, hitzarmen horren baitan, Elgoibarko Udalak laguntzak emango ditu .EUS domeinua erabili ahal izateko. Hala, herriko 100 enpresa, establezimendu edo entitatek dohainik erregistratu ahal izango dute .EUS domeinua lehen urtean. Horretaz gain, PUNTUEUS fundazioak, urtebeterako, doako zerbitzaria izateko aukera eskainiko die domeinuaren parte izan nahi dutenei beraien proiektu digitala garatzeko. Hori dela eta, ekimen honetan parte hartu eta, urtebeterako, .EUS domeinua doan eskuratu nahi dutenek, euskara@elgoibar.eus helbidera idatzi edo 943741050 (403 luz.) deitu beharko dute.
Gaur egun, Elgoibarren, 663 domeinu daude erregistratuta guztira. Horietatik 117 dira .EUS domeinua dutenak, %18, alegia. Gainerakoek .ES, .COM, .ORG edo bestelako domeinuak erabiltzen dituzte. Hizkuntzaren erabilera aztertuz gero, Elgoibarko webguneen % 36etan ageri da euskara.
Horrexegatik, euskarak udalerriko webguneetan duen presentzia kontuan izanik, ekimen hau bideratu nahi da egungo egoera aldatzeko, hain zuzen ere, ingurune digitalean ere euskararen erabilera gero eta handiagoa izateko; izan ere, ez da berria Elgoibarko Udalak ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilera sustatzearen alde egindako apustua, Udalaren webgunea (www.elgoibar.eus) .EUS domeinukoa baita, domeinu hori abian jarri zenetik.
Elgoibarko Udalaz gain, herriko establezimendu, enpresa, entitate eta elkarte batzuk badira domeinu horrekin ere ageri direnak; kasu batzuetan domeinu bat baino gehiago erabiltzen dute. Hona hemen horietako batzuk, adibide gisa:
Ikastetxeak: IMH, MEKA, Makina Erreminta Museoa, Elgoibar Ikastola, Ignazio Bereziartua Musika Eskola, Debabe Udal Euskaltegia, AEK euskaltegia…
Elkarteak: Debemen, Elgoibarko Izarra, BARREN, Morkaiko Mendizale Elkartea…
Enpresak: Danobat, Danobatgroup, Ojmar, Softlan…
Merkataritzako establezimenduak: Txillarre, Barrutia optika…
Gaineratu behar da, ekimen hau Elgoibarko Udalaren helburuen ildotik doala, udalak euskararen erabilera areagotu nahi baitu eta herritarrei, naturaltasunez, euskaraz bizitzeko aukera eskaini, bizitzako esparru guztietan. Hori dela eta, hitzarmen honek eskaintzen duen aukera hori baliatu nahi dute Udalak eta PUNTUEUS fundazioak herriko arlo kulturalean, sozioekonomikoan eta hezkuntzan eragile direnek ingurune digitalean ere euskara erabil dezaten.