Elgoibarko Udalak eta Gurutze Gorriak ‘Gabonetako Zuhaitz Solidarioen’ II. kanpaina abiarazi dute, egoera zaurgarrian dauden haurrentzako Gabonetako jostailuak jasotzeko

  • Bi ‘Gabonetako Zuhaitz Solidario’ instalatu dira: bata HAZ-SACen eta bestea Gotzon Garate Udal Liburutegian. Zuhaitz horietako apaingarriak abenduaren 18ra arte egongo dira eskuragarri.

Elgoibarko Udalak, Gurutze Gorriarekin lankidetzan, ‘Gabonetako Zuhaitz Solidarioa’ kanpainaren bigarren edizioari hasiera eman dio. Gabonetarako jostailuak biltzera bideratutako ekimena da, eta herrian egoera zaurgarrian dauden 40 haurri mesede egingo die.

Maialen Gurrutxaga alkateak oso positibotzat jo du jai-sasoi honetan txikienei poza eta itxaropena eramatea helburu duen kanpaina hau: “haurtzaroaren aldeko keinu handia da. Herritarren eskuzabaltasuna funtsezkoa da kanpaina arrakastatsua izan dadin eta txikienei irribarreak eraman diezazkieten egun berezi hauetan”. Elgoibar izan zen iaz kanpaina hau bultzatu zuen Euskadi osoko lehen udala.

Bi ‘Gabonetako Zuhaitz Solidario’ jarri dira herriko gune estrategikoetan: bata HAZ-SACen eta bestea Gotzon Garate Udal Liburutegian. Zuhaitz horiek abenduaren 18ra arte egongo dira eskuragarri, hau da, apaingarri solidarioak jaso eta opariak emateko azken egunera arte. Opariak abenduaren 24rako banatuko dira.

Apaingarri solidarioek etxetxo txikien itxura hartzen dute, eta barruan jarraibide garrantzitsuak dituzte, baita opariaren onuradun den haur bakoitzaren gustuei eta ezaugarriei buruzko xehetasunak ere. Laguntzeko urratsak errazak dira:

  1. Zatoz ‘Gabonetako Zuhaitz Solidarioa’ dagoen lekura eta aukeratu apaingarri bat.
  2. Erosi opari berri bat, sexistak edo belikoak saihestuz, eta, ahal dela, jolas sinbolikoa sustatzen duten jostailuak aukeratu, apaingarri-txartelean aurkituko dituzun jarraibideen arabera.
  3. Idatzi dagokion kodea oparian.
  4. Itzuli ‘Gabonetako Zuhaitz Solidariora’ eta jarri oparia bertan. Apaingarria zuretzat da, elkartasun-kanpaina honetan parte hartu izanaren sinbolo gisa.

Elgoibarko Udalak eta Gurutze Gorriak herritar guztiak animatu nahi dituzte ekimen honekin bat egitera eta Eguberri hau maitasun eta babes keinu solidarioa behar duten haurrentzat bereziagoa izan dadin laguntzera.