Ane Beitia alkateak eta Maite Peña Gizarte Ongizateko diputatuak sinatu dute hitzarmena.
Errezabal egoitza berriaren obra eta kudeaketa 2022ko bigarren seihilekoan lizitatuko da, 21 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin. Obrak 2023an hasiko dira.
Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Errezabal egoitza berria eraikitzeko hitzarmena izenpetu dute. Hitzarmenak maiatzaren 4ko osoko bilkuran onartutako Pilarreko ikastetxe zaharraren orubearen lagapena, bi erakundeen konpromisoak, jarraitu beharreko urratsak eta kronograma zehatza jasotzen ditu. Ane Beitia alkateak eta Maite Peña Gizarte Ongizateko diputatuak sinatu dute hitzarmena.
Errezabal egoitza berriaren obra eta kudeaketa 2022ko bigarren seihilekoan lizitatuko da, 21 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin. Obrak 2023an hastea aurreikusten da.
Finkaren azalera osoa 7.500 metro koadrokoa da. Ekipamendu-eraikin berria ezarriko den zatiak 4.250 metro koadroko azalera du, eta zati hori utzi zaio Foru Aldundiari.
Ane Beitia Elgoibarko alkateak adierazi duenez, “Aldundiarekin lankidetza estuan ari gara lanean, Errezabal Egoitza legegintzaldiko proiekturik garrantzitsuenetako bat delako Elgoibarko Udalarentzat. Proiektu konplexua eta oso delikatua da, eta etengabe eta inplikazio osoz ari gara lanean. Asmo handiko proiektua da, lankidetzazkoa, adinekoak eta mendekoak zaintzeko, hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik abiatuta. Eragin zuzena izango du elgoibartarrengan, eta herritarrei zainketa-zerbitzu aurreratua eta kalitatezkoa eskainiko die hurbilen duten eremuan. Apustu estrategiko partekatua, tokiko eta Gipuzkoako herritarren bizitza hobea, errazagoa eta seguruagoa izan dadin”.
110-130 plaza eta eguneko zentro berria
Elgoibarko adinekoentzako egoitza berriak 110 eta 130 plaza artean izango ditu, bizikidetza-unitate txikietan banatuta, eta El Pilar ikastetxeko lursailean kokatuko da. Errezabal izena izango du, Pilarreko Gurasoen Elkartearen omenez, zeinak, aldi berean, bertan dagoen baserriaren izena hartu zuen. Egoitzaz gain, laguntza-ekipamenduak 30 edo 40 plaza dituen eguneko zentro bat hartuko du.
Egoitza berriak 10.500m2-ko azalera izango du, gutxi gorabehera. Ekipamendu berri hori 12-18 pertsonako bizikidetza-unitate txikiz osatuta egongo da, gehienak banako logelak izango dira (logelen % 75 gutxienez), 19 metro karratukoak bataz beste, eta komunitatera irekita egongo da, inguruan izango dituen berdeguneekin, egonleku zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin, eguneko zentro batekin (40 plaza), unitate psikogeriatriko batekin (12-15 plaza izango ditu), eta 70 eta 150 aparkaleku artean izango ditu.
Aparkalekuari dagozkion obrak Elgoibarko Udalaren kontura egingo dira. Ustiapena udalaren eskumen esklusibokoa izango da.
Era berean, Urazandi auzorako oinezkoentzako bigarren ibilbide irisgarria izango den igogailu publikoaren lehen zatia garatuko da ere.