Elgoibarko Udalak dirulaguntzak emango dizkie zozketa bidez gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditzen dutenei

  • Zozketaren irabazleek gidabaimenaren ikastaroaren eta/edo azterketa teorikoaren pareko dirulaguntza jasoko dute, eta, gehienez ere, 500 €-ko zenbatekoa.

 

Iaz bezala, aurten ere Elgoibarko Udalak,  sarituko ditu A1, A2, AM eta B gidabaimenen azterketa teorikoa euskaraz gainditzen duten herriko gazteak, hain zuzen ere, 16 eta 29 urte artekoak.

Horren haritik, “Animatu eta atera gidabaimena euskaraz!” ekimenaren bitartez, Udalak zozketa bidezko dirulaguntzak emango ditu gure herriko gazteek gidabaimena euskaraz gainditzeko egiten duten ahalegina saritzeko.

Dirulaguntza hau emateko, bada, zozketa egingo da gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditu eta dirulaguntza eskaera aurkezten duten guztien artean. Horiek horrela, zozketaren irabazleek gidabaimenaren ikastaroaren eta/edo azterketa teorikoaren pareko dirulaguntza jasoko dute, eta, gehienez ere, 500 €-ko zenbatekoa.

Horretarako, baina, honako baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza hau eskuratu nahi dutenek:

  • Elgoibarren erroldatuta egotea.
  • 16 eta 29 urte bitartean izatea.
  • Gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditzea.
  • Azterketa teorikoa 2024ko urtarrilaren 1a eta urriaren 30a bitartean gainditzea.

Eskaerak aurkezteko azken eguna 2024ko urriaren 30a izango da, eta eskaerak HAZen (Santa Ana 2) edo egoitza elektronikoan egin beharko dira.