Udalak 8.500 euro bideratuko ditu.
Eskabideak apirilaren 26a baino lehen aurkeztu behar dira, egun hori barne, udal egoitza elektronikoan.
Elgoibarko Udalak diru-laguntza lerro berri bat jarri du abian ingurune digitaletara eguneratzea eta ostalaritzan TicketBai ezartzea sustatzeko, 2021ean egin den gastuaren arabera. Aurretik, 2021ean, merkataritza-sektoreari zuzendutako diru-laguntza lerro bera jarri zuen abian, eta 2022an, 2022ko gastua duten merkataritza eta ostalaritzarako diru-laguntza lerro bera aterako da.
Eskabideak apirilaren 26a baino lehen aurkeztu behar dira, egun hori barne. Diru-laguntzen eskaerak elektronikoki egin ahal izango dira udalaren web orriaren bidez.
Unai Arizmendiarreta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak nabarmendu du “digitalizazio-prozesua azkartu egin da eta, gainera, digitalizazioa eta iruzur fiskalaren aurkako borroka lotzen dituzten lege-aldaketak datoz. Gainera, produktuak merkaturatzeko modu digitalagoak ezartzen ari dira, eta horrek marketin digitala gehiago erabiltzea dakar. Diru-laguntza lerro hau Elgoibarko Udalaren ekonomia suspertzeko proiektuaren beste hanka bat bihurtu da”.
Udalak 8.500 euro bideratuko ditu laguntza ekonomikoa finantzatzeko. Ostalaritza-sektoreko jarduera ekonomikoko enpresa gisa eratuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak izango dira laguntzen onuradunak, baldin eta diru-laguntza honen baldintzak betetzen badituzte.