- Desfibriladore berri horiek herriko kaleetan daudenen berdinak dira. Gainera, Udaltzaingoko langileek prestakuntza-ikastaro bat egin dute RCP-Soporte Vital Basikoan eta desfibriladorearen erabileran.
Elgoibarko Udalak aurrera jarraitzen du kardiobabeseko estrategian, eta desfibriladoreak jarri ditu Udaltzaingoaren bi patruila-autotan. Desfibriladore berri horiek, Mindray markakoak dira, herriko kaleetan jarritakoen berdinak, eta udalerriak bertako biztanleen eta bisitarien segurtasunarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa indartzen dute. Sistemaren helburua prebentzio-eredu bat sortzea da, bihotz-biriketako geldialdian dauden pertsonei premiazko laguntza emateko.
Duela urtebete, Udalak erabateko kardiobabeseko sistema ezarri zuen udalerrian. Ekimen horren barruan sartzen da puntu estrategikoetan hamar desfibriladore berri instalatzea, aurretik ezarritako 19ekin batera, eta 100 boluntario prestatzea BBB/OBE tekniketan eta desfibriladorearen erabileran. Neurri horrekin, Elgoibar estatuko udalerririk babestuenetako bat da egun, 10.000 biztanleko 25 desfibriladoreko batez bestekoarekin, 10.000 biztanleko 8 desfibriladoreko estatuko batez bestekoaren oso gainetik.
Maialen Gurrutxaga alkateak adierazi duenez: “Udaltzaingoaren patruila-autoetan desfibriladoreak jartzea urrats garrantzitsua da gure kardiobabeseko estrategian. Polizia izaten denez gertakari askotara iristen lehena, gailu horiek ibilgailuetan edukitzeak alde erabakigarria eragin dezake larrialdi-egoeretan. Bihotz-biriketako larrialdi-egoeretan prebentzioa eta erantzun eraginkorra indartzen ditugu, horrela herritar guztien osasuna eta segurtasuna ziurtatuz “.
Gainera, Udaltzaingoko langileek prestakuntza-ikastaro bat egin dute RCP-Soporte Vital Basikoan eta desfibriladorearen erabileran. Gaitasun horrek ziurtatzen du agenteak prest daudela azkar eta eraginkortasunez jarduteko desfibriladore bat erabiltzea eskatzen duen edozein gorabeheraren aurrean.