- Hiru ikastetxeetako ikasleek Agenda 2030 lantzeko materiala sortu dute.
- Ikasturtean zehar landutako proiektuak maiatzaren 30ean udaletxean egingo den Pleno Txikian aurkeztuko dira.
Debabarrenako Udalek 20 urte inguru daramatzate Debegesarekin elkarlanean, Eskolako Agenda 2030 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen, eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa. Egitasmoak hiru helburu ditu:
- Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
- Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
- Partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.
Guztira, 20 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 2030 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.
Aurreko ikasturtean, ikasleek udalerriko energia diagnosia egin zuten, eta hainbat proposamen egin zizkieten udal ordezkariei, energia kontsumoa murrizteko helburua zutela ardatz. Aurten, lehengo urtean hasitako lana jarraituz, proposamen baten inguruan jardun dira buru belarri ikasleak, zehazki, kontzientziazio kanpaina bat antolatu dute.
Kanpaina horren baitan, hiru zentruetako ikasleek eredu desberdinak landu dituzte, hala nola, kalean zintzilikatzeko kartelak, bideoak, etxeetan buzoneatzeko triptikoak eta udal eraikinetan argi iterruptoreetan jartzeko pegatinak sortu dituzte. Ekimenaren helburua izan da Garapen Jasangarriko Helburuen garrantziaz eta horiek lortzeko neurriak hartzeko beharraz herritarrak sentsibilizatzea. Energiaren kontsumoa eta erabilera ardatza izan dute , eta zehazki, argiteria eta berogailuen erabilera zuzena eta mugikortasun jasangarria izan dira hizpide.
Ikasturtean zehar landutako proiektuak maiatzaren 30ean goizeko 09:00etan Elgoibarko Udalean egingo den Pleno Txikian erakutsiko dira. Ekitaldi honetan, ikasleek bertaratutako pertsonakin eta tokiko agintariekin beren lana aurkeztu eta mezuak partekatzeko aukera izango dute.
Elgoibarko Udalak ekimen hau aintzat hartu eta babesten du, garapen jasangarriaren aldeko kontzientziazio eta ekintzarako urrats garrantzitsua dela nabarmenduz.