Elgoibarko Udalak betiko 50 kanta eta jolasen ‘Jira bueltan’ liburuxka-dvda banatuko du ikastetxeetan 

  • ‘Jira bueltan’ bildumak 51 kanta eta jolas jasotzen ditu guztira. Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritutako kantak eta jolasak dira, gehienak Debarrokoak. 

Ahotsak.eus, proiektua ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko sortu zuen Debarroko Badihardugu euskara elkarteak. Jasotako ondare aberats hori sutondotik ikasgeletara eramateko asmoz, Ahotsak ikasgelan proiektua jarri zuten abian, hainbat udalerritan. 

Badira urte batzuk Elgoibarko Udala ere “ahotsak ikasgelan” proiektura batu zela, eta lanketa polita egin zen Herri Eskolan eta Ikastolan. Badihardugu elkartekoek umeak kantuan eta jolasean grabatu zituzten. 

Elgoibarren adineko batzuk ere grabatu zituen Badiharduguk, bertako kanta eta jolasak jasotzeko, eta ikus-entzunezkoa sortu, adinekoen eta umeen grabazioak batuta. Eta liburuxka hau ibilbide horren emaitzetako bat da. 

Elgoibarko eta inguruko 50 kanta eta jolas landu zituzten guztira, eurengana ahoz aho iritsitakoak. Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritutako kanta eta jolasak dira, gehienak Debarrokoak. 

Liburuxkan, kanta eta jolasen letrak eta azalpenez gain, QR bidezko loturen bidez material horren ikus-entzunezkorako sarbidea ematen da.

Euskararen Eguna hortxe dugula aprobetxatuz, eta aisialdian euskarazko jolasak eta kantuak transmititzeak duen garrantziaz ohartuta, Elgoibarko Udalak Herri Eskolako eta Ikastolako Lehen Hezkuntzako 1.mailako ikasleei opari gisa emango die liburuxka bana. Eskolak arduratuko dira ikasleen artean banatzeaz.

Gainera, liburuxkan datozen kanta eta jolas guztiak “Ahotsak Ikasgelan” webgunean ere jarri dira herritarren eskura: http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/ .

 

Zer da Jira Bueltan?

Bilduma bat: 14 jolas, 30 kanta-jolas eta 7 abesti

Liburuxka (letrak, azalpenak, irudiak) eta DVDa (bideoak)

Zer adinetako umeentzat?

0-12 urte, baina batez ere 4-10 urte bitartekoentzat

Norentzat da aproposa? 

Umeekin jolastu nahi duen edonorentzat, baina bereziki guraso, irakasle eta hezitzaileentzat