Elgoibarko Udala ‘Auzoekin Batera’ ekimenarekin auzoetara hurbilduko da irailetik aurrera herritarren iradokizunak gertutik ezagutzeko

  • Prozesu berritzaile honen helburua da herriko auzoetara hurbiltzea eta 2025erako hobekuntza proiektuak planifikatzea elkarlanean, bizilagunen beharrak eta proposamenak kontuan hartuta.

Elgoibarko Udalak, irailean, “Auzoekin Batera” entzute aktiboko prozesua jarriko du abian. Prozesu berritzaile honen helburua da herriko auzoetara hurbiltzea eta 2025erako hobekuntza proiektuak planifikatzea, bizilagunen beharrak eta proposamenak kontuan hartuta. Honela, Maialen Gurrutxaga alkatea eta zinegotziak auzo guztietatik igaroko dira herritarrekin zuzenean jardun eta auzoa bera bisitatzearekin batera, auzotarren iradokizunak jasotzeko.

Auzoa hobetzeko ideiak eta iradokizunak eman nahi dituzten pertsonek bi modutara egin ahal izango dute:

 

  • Digitalki: www.elgoibar.eus web orriaren bidez edo galdetegi birtual batera zuzentzen duen QR kodea eskaneatuz.

 

 

 

  • Aurrez aurre: auzoetatik ibilaldiak egingo dira, ekarpenak egin nahi dituzten bizilagunekin zuzenean harremanetan jartzeko. Ibilbideak 18:00etan hasiko dira, honako puntu hauetan:
    • Irailaren 18a, asteazkena: SIGMAko gizarte lokala.
    • Irailaren 19a, osteguna: Urazandi parkea.
    • Irailaren 25a, asteazkena: Santa Klarako Jausoro plaza.
    • Irailaren 26a, osteguna: Toletxe parkean Artetxen.
    • Urriaren 1a, asteartea: San Pedro/San Antolingo San Pedro aparkalekua.
    • Urriaren 2a, asteazkena: Altzolako gizarte lokala.
    • Urriaren 3a, osteguna: San Roke/Basarte/Erretsundiko San Roke parkea.

Aurrez aurreko saioak amaitu ondoren, jasotako proposamen guztiak aztertuko dira. Horien bideragarritasuna ebaluatzeko azterketa-saio bat egingo da, etorkizuneko proiektuen plangintzan ideiarik onenak aintzat hartuko direla ziurtatuz.

Udalak, prozesua garatu ostean, auzotarrekin batera kontu emate saio bat egingo du. Helburua da bisita hauek udal plangintzan sistematizatzea, ‘Bizi, maitatu, egin Elgoibar’ legealdi planaren baitan.

Elgoibarko Udalak herritar guztiak animatzen ditu “Auzoekin Batera” ekimenean aktiboki parte hartzera eta euren ideiekin euren auzoak leku hobea izan daitezen laguntzera.