Elgoibarko establezimenduek eremu digitalean euskara zenbat erabiltzen duten aztertu du Dendartean elkarteak

  • Azterketa horren arabera, Elgoibarko establezimenduen % 31,41ek webgunea dauka. Webgune gehien dituen sektorea zerbitzu profesionalena da. %71,88k dauka webgunea, baina euskararen erabilera webgune horietan oso baxua da, %21,74koa.

 

Elgoibarko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera sustatzea da Elgoibarko Udalaren eta Elgoibarko Izarra elkartearen helburuetako bat; ez bezeroari eskaintzen zaion zuzeneko arretan bakarrik, baita eremu digitalean ere. Hori dela eta, Udaleko Euskara eta Sustapen Ekonomikorako sailek hala eskatuta, herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza establezimenduek eremu digitalean euskara zenbat erabiltzen duten aztertu du Dendartean elkarteak, Gipuzkoako merkataritza, ostalaritza, zerbitzu, enpresa eta autonomo elkarteen taldeak. 

Saltokien lehiakortasuna hobetzeko teknologia berriak erabiltzea beharrezkotzat jotzen da gaur egun. Dena den, arlo digitalean ere, bertako balioak sustatzea garrantzitsua dela uste dute Udalak eta Elgoibarko Izarrak, eta, horien artean, nola ez, euskararen erabilera.

Azterketa horren arabera, Elgoibarko establezimenduen % 31,41ek webgunea dauka. Webgune gehien dituen sektorea zerbitzu profesionalena da. %71,88k dauka webgunea, baina euskararen erabilera webgune horietan oso baxua da, %21,74koa. Aldiz, pertsonen ekipamenduan, ostalaritzan eta osasun/estetika zerbitzuetan webgune kopurua baxua da, baina euskararen erabilera altuagoa da, %57,14koa.

Webgunea dutenen artetik %25ek bakarrik dauka onlineko salmenta. Gehien erabiltzen den domeinua .com da, % 59,15, eta Puntueus domeinuaren erabilera oso baxua da, %5,63koa. Euskararen erabilerari dagokionez, % 64,79k ez du euskararik erabiltzen webgunean. Sare sozialik ez dutenen kopurua handia da (%48,67), bereziki, elikadura sektorean, eta euskararen erabilera sarean oro har baxua da, %34,48koa. Bada, hala ere, arlo bat non gehiago erabiltzen diren sareak eta euskara, osasun-higiene zein pertsonen ekipamenduan hain zuzen ere. 

Eta azkenik, whatsapp bidezko harremanak ere aztertu dira, baina % 10,18k bakarrik dauka enpresa whatsap-a, eta horietan ere euskararen erabilera oso baxua da. Whatsapp-a gehien erabiltzen duen sektorea osasuna-higienea da, baita euskara gehien erabiltzen duena ere whatsap bidezko komunikazioetan. Dena den, kontuan izan behar da azterketa honetan jaso ez diren arren, izango direla telefono zenbaki partikularrekin whatsapp zerbitzua eskaintzen ari direnak.

Gogorarazi, bide batez, Elgoibarko Udalak eta Puntueus Fundazioak euskarak ingurune digitalean duen presentzia areagotzeko hitzarmenari esker, puntueus domeinua doan eskuratzeko aukera dutela herriko establezimendu, elkarte eta enpresek. Hitzarmen honen helburua saltokien digitalizazioan laguntzea da, euskara erdigunean kokatuz. Udala eta Elgoibarko Izarra elkarlanean ari dira sustapen lan honetan eta arreta berezia jarriko diete webgunea duten edo izan nahi dutenei, edukia euskaraz argitaratzera animatu daitezen.

 

PUNTUEUS domeinuaren abantailak

  • Zibersegurtasunaren zaintza aktiboa.
  • Interneteko harreman seguruak.
  • Berehalako arreta, bertatik bertarakoa.
  • Webguneak automatikoki euskarara itzultzeko aukera.
  • EUS marka bat da, eta bezeroengandik gertu egoteko aukera ematen du.

 

Elgoibarko Udaleko Euskara Zerbitzuarekin, PUNTUEUS fundazioarekin zein Elgoibarko Izarrarekin jarri daiteke harremanetan argibideak jaso edota eskakizunak egiteko, honako bide hauen bitartez:

 

Elgoibarko Izarra: kudeaketa@elgoibarkoizarra.eus 643 499 169