- Aurrez, otsailaren 24an, eskualdeko topaketa egin zuten, Kultur etxean bertan eta Debabarreneko bertso eskoletako 28 neska-mutil elkartu ziren.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, bertso eskolekin elkarlanean Gelatik Plazara ekimena antolatu du. Gelatik Plazara 14 urtez azpiko ikasleei jendaurrean trebatzeko aukera eskainiko dien aisialdiko ekimena da. Bertsoarekin gozatzeko gune bat izango dute bertso eskoletako gaztetxoek, eta Eskolarteko txapelketara iritsi aurretik plazarako zubi lana egiten laguntzea da asmoa. Bestalde, tokian tokiko bertso eskolak saio berean elkartuta, ikasleek elkar ezagutzeko aukera ederra izango dute.
Guztira 3-4 lagunez osatutako taldeetan, 170 ikaslek hartuko dute parte antolatu diren zazpi saioetan.
Aurrez, otsailaren 24an, eskualdeko topaketa egin zuten, Kultur etxean bertan eta Debabarreneko bertso eskoletako 28 neska-mutil elkartu ziren. Mokadu baten bueltan, elkar ezagutzeko jolasak egin eta bat-batean bertsotan egiteko aukera izan zuten.
Oraingoan, talde bakoitzak ondorengo lanak egin beharko ditu:
- Prestatutako agurra.
- Puntua erantzun koplan (oina emanda edo oinik eman gabe).
- Gaia eta bi edo lau oin emanda kopla edo bertsoa osatu.
- Bertsolari bati erantzun, gaia emanda, kopletan.
Saioa, martxoaren 24an, arratsaldeko 17:30ean, izango da Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan, eta Elgoibarko Bertso eskolako ikasleak ere bertan izango dira. Oraingo honetan ere, Elgoibarko Udalaren laguntza izango du Bertsozale elkarteak, guztia ondo bidera dadin, gaztetxoen artean ahozkotasuna sustatzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko oinarrizko baliabide baitira bertso eskolak.