- Ane Beitia alkateak azaldu eran, “helburua da adinekoei beren etxeetan bizi-kalitaterik onenarekin egoteko aukera ematea, adinekoen gizarte-beharrizanetan familiaren estaldura eta oreka bermatuz, eta adinekoen partaidetza soziala sustatuz, bai eta zahartze aktiboa ere. Informatuta egotea ezinbestekoa da horretarako”.
- Elgoibarko Adinekoentzako Gizarte Zerbitzuen Gida (PDF)
Urriaren 1ean Adinekoen Munduko Eguna ospatuko da eta aitzakia hori baliatuz, Udalak, Elgoibarko Adinekoentzako Gizarte Zerbitzuen Gida kaleratu du.
Elgoibarrek dituen 11540 biztanleetatik, 3500 (%30,33) 60 urtetik gorako pertsonak dira (1922 emakumezko eta 1578 gizonezko). Gero eta gehiago bizi gara eta gero eta handiagoa da etxean bizitzen jarraitu nahi duten pertsonen kopurua, baina sarri zahartze prozesuak aurrera egin ahala laguntza beharra handitzen joaten da eta egoerak gainditzen gaituenean jo ohi dugu laguntza eske.
Ane Beitia alkateak adierazi duenez, “gida honek Udalak adinekoei zuzendutako zerbitzuak, baliabideak, prestazioak eta proiektuak batzen ditu. Udaleko Gizarte Ongizate Arloaren helburuen artean dago beharrezkoak ez diren instituzionalizazioak saihestea, adinekoei beren etxeetan bizi-kalitaterik onenarekin egoteko aukera emanez. Era berean, adinekoen gizarte-beharrizanetan familiaren estaldura eta oreka bermatu nahi da, eta adinekoen partaidetza soziala sustatu, bai eta zahartze aktiboa ere. Erronka horiek guztiak lortzeko, funtsezkoa da baliabideak adinekoei hurbiltzea, haien parte-hartzea eta erabilera sustatuz “.
Udalak, dituen baliabide zein zerbitzuen bidez, urteak daramatza adinekoen zahartze prozesuan lanean, eta gida hau prestatzeak errealitate horri aurrea hartzea du helburu, hau da, Elgoibarren bizi diren adinekoek eta hauen familiek eskura dituzten baliabideak ezagutaraztea, horretarako Elgoibarko herritar guztiek adinekoen autonomiaren galerarekin loturiko baliabideak ezagutzea, familian bertan adineko pertsonak egon edo ez, komunitateak izan dezakeen ezagutza eta laguntza funtzioa bultzatu aldera.
Gidak bi zati ditu:
– Autonomia sustatzeko gizarte zerbitzuetako baliabideak, galera gertatzen doan heinean erabiltzeko beharra sortu ohi den hurrenkeran, telelaguntzatik hasi eta egonaldi iraunkorreko egoitza zerbitzuraino,
– Autonomia mantentzen lagundu dezaketen baliabide komunitarioak.
Gidan jasotzen den moduan, gizarte zerbitzuetako baliabideak aurrez hitzartutako gizarte langileekin izaten diren hitzorduetan kudeatzen dira, eta gidan ageri den informazio guztia eta azaltzen diren baliabideen kudeaketa bertatik gauzatzen da. Horretarako hitzorduak HAZen eskatu behar dira.
Gida etxe guztietara ere banatu da era fisikoan udal zerbitzuetan ere eskura daiteke.