Monumentuak

Altzolatarren Dorretxea (XV. mendea)

Altzolatarren Dorretxea (XV. mendea)Hiribilduaren erdigunean dago Torrekoa, Kalebarren plazan. Erronda dorrea izan zen lehenengo, Arriola dorretxea hartu zuen izen XV. mendearen bukaeran, eta Altzola XVI. mendearen erdi aldetik honantz, azkenik.

Arkitekturari dagokionez, dorretxe hau eraikuntza prestua, noblea eta dotorea dela esan behar da, Gipuzkoako monumentu historiko-artistikoa izendatua izan zen 1964an eta estatu mailakoa 1980ko azaroaren 10eko dekretuaren bidez. Halaber, Eusko Jaurlaritzak eraikin hau dagoen Hirigune Historikoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondare gisa sartu zuen 1998ko apirilaren 6ko aginduaren bidez.

Eraikin eder honen arkitektura-elementu hauek nabarmenduko nituzke: harlanduzko leiho eta balkoien ordena lau fatxadetan; fatxada nagusian, sarrerako erdi puntuko arku errenazentista erakoa, nahiz beranduagokoa izan; ekialdeko fatxadan, sotoko arku beheratua eta goiko solairuetako erdi puntuko bi arku bizkiak; iparraldeko fatxadan, arku itsua eta lau modiloi irtenak; zurezko teilatu-hegal zabala, harrizko prisma txikien bidez osatutako erlaitz apaindua eta honen gainean oholezko bilbadura; erlaitzaren azpialdeko lau izkinetan kubo edo garitoi bana; eta fatxada nagusiko eskuineko izkinan dauden armarria (Bartolome Altzola kapitainak jarria 1604an) eta eguzki-erlojua.

Etxe hau hirigunean egoteak, herriari hainbat zerbitzu eskaintzea ahalbidetu dio garai desberdinetan: komentua egin baino lehenago frantziskotarren etxebizitza 1516an, urgentziazko bilerak une larrietan (1560an, Kontzeju-etxea erre zelako: alkatea eta erregidoreak aukeratzeko), kuartel militarra (gotortu egin zuten liberalek 1823an, absolutisten erasoen aurrean), Salletarren eskola XX. mendearen hasieran, posta, telefono publikoa, musika-bandaren lokala eta abar. Gaur egun hiribilduaren Kultur Etxea dugu.

Kalebarrengo dorretxeak historia mamitsua bezain luzea du, Elgoibar sortu baino lehenagokoa baita. Herriko harresia egin zenean (1346), kanpoan gelditu bazen ere, 1484an, Kontzejua alde batetik eta Torrekoako Joan Otxoa Burunano eta honen suhia Rodrigo Gonzalez Karkizano bestetik, erabateko akordiora iritsi ziren etxea harresiaren barruan kokatzeko. Aipatutako Otxoa Burunano eta Rodrigo Karkizano izan ziren ezagutzen ditugun etxe honetako lehen bizilagunak XV. mendearen erdialdean.

Baina, dorretxea hain hurbil zegoenez harresitik eta Kontzejuak jarritako herri-erlojutik, ezen, etxe horretako bizilagunen protestak eragin baitzituen, behin baino gehiagotan. Esaterako, 1589ko irailaren 29an, Bartolome Altzola kapitainak adierazi zion Udalari erlojuaren pisuak babestuta edukitzeko egin behar zuten eraikinak 1484ko hitzarmena hausten zuela. Era berean, 1715eko urriaren 13an, Maria Luisa Arespakotxaga Altzolak beste horrenbeste esan zion Kontzejuari erlojuaren dorre berria eraiki zutenean, eta auzitara jotzea erabaki zuen herriak. Eta, 1844ko maiatzaren 9an, Karmen Jusue, Pedro Iturriaren alarguna eta Kalebarrengo dorretxearen jabeak, Udalari exijitu zion dorretxeari itsatsitako arraina saltzeko eraiki zuen etxetxoa eraisteko, legez kanpoko tokian eraiki zutelako.

Altzolatarren jauregiaJavier Elorzaren ikerketei esker dakigu, Rodrigo Gonzalez Karkizano eta Maria Fernandez Burunano senar emazteek Pero Migelez Arriolari saldu ziotela dorretxearen hondarra eta orubea 1487an, eta ondoren, Arriolak dorretxe berria eraiki zuela. Garai honetako zenbait arkitektura-elementu ikus daitezke ekialdeko fatxadan.

Lope Perez Lasalde eskribaua Maria Martinez Arriolarekin ezkondu zen XVI. mendeko lehen zatian, eta ondorengorik ez zutenez, Katalina Ibarra iloba izan zuten alabatzat Torrekoan. Katalina, Aszensio Altzolarekin ezkondu zenean 1549an, Lope Perez Lasalde osabak dorretxea ez ezik, ondasun guztiak eman zizkien ezkonberriei.

Katalinak eta Aszensiok maiorazkoa sortu zuten 1564an, honako ondasun hauekin: Torrekoa eta baratza; San Frantzisko monasterioko kapera (Gurutzekoa); Andikanoko (Andikao) etxea, baserria eta errotak; Ermua bekoa etxea (Ermube) (Sallobente-Ermuaran), lurrak eta errotak; Otsaurteagako (Otsourteaga) etxea eta baserria; Plazako (Mendaro) etxea eta errotak; Albitxuriko (Albitzuri) etxea, lurra eta sagastia; eta 225.000 marabedi Burgos hiriko alkabaletan (salerosketei jarritako zerga). Aszensio eta honen seme Bartolome izan ziren, ezbairik gabe, Torrekoako gizonik ezagunenak eta gehien nabarmendu zirenak ekonomian zein gizarte mailan.

Aszensio Altzola, Elgoibarko Altzola auzoan jaio zen eta bertako ibai-portutik jardun zuen, Altzolatar merkatarien familiako gizon nabarmenetakoa izanik. Hiru galeoi izan zituen distantzia handiko merkataritzan aritzeko: Euskal Herriarekin ez ezik, Sevillarekin, Portugalekin, eta Amerikako kontinenteko Hondurasekin, Mexikorekin eta Santo Domingorekin izan zituen merkataritza-harremanak. Negozio hauetan garai hartako bankari eta merkatari ezagunenekin elkartu zen: Pedro Durango, Martin Lizarraras, Geronimo Catano italiarra eta abar. Aszensio, merkataria eta kapitaina izateaz gain, Elgoibarko alkatea ere izan zen 1564an eta 1565ean.

Bitxikeria moduan, esan behar dugu, Antonio izeneko gizon beltz bat izan zuela Aszensio kapitainak, egindako merkataritza bidaiaren batetik ekarritakoa izango zelakoan gaude. Biak ala biak, jabea eta morroia, beste hirurehun eta laurogeita bi elgoibartarrekin batera izan ziren 1555eko irailaren 21ean Elgoibarko zubi nagusian Joan Bernal de Luco Calahorra y La Calzadako apezpikuari agur egiten. Izan ere, garai hartan Errioxan egoitza zuen elizbarruti haren eta apezpiku horren baitan zegoen Olasoko San Bartolome parrokia, eta ohiko bisita pastorala egitera etortzen zen elizgizona gure hiribildura.

Aszensio hil ondoren 1572an, Bartolome semeak aitaren bidetik jarraitu zuen, eta Antonio Okendo merkatari eta militar ospetsuarekin ere jardun zuen, besteak beste, XVI. mendearen azken hamarkadan. Herriko alkatea ere izan zen, aita bezala, 1589an, 1590ean, 1601ean eta 1602an. Bartolome hil ondoren galdu zen Torrekoan Altzola deitura. Arriola, Arespakotxaga, Lizaranzu, Josue eta Iturria abizenekoak izan ziren titularrak XVII. mendetik XX. mendera arte. Honako ondare hau zuen Liborio Josuek ordezkatzen zuen familia honek, 1812an: “la torre de Calebarren (de cuartel de la tropa), la de Lizenciacua, la qe vibe Ygnacio de Aguirre, la de Migel de Mendecute, la torre de Andicano, iden el Molino, i la Barrena, Otsaurtiaga, Ercil, Albizcua Alzola, Yturrondo de id, Malaga, Yraizabalcho, Goicoechea, Andicoechea, Yraeban, Garañocua o Capaguingoa, Sustaeta, Cortaberri, Molino Plaza, Ermuaran abajo, San Lorenzo y Eizaguirre”.

Udalak etxe enblematiko hau erosi nahi izan zuen XX. mendearen hasieran, herriak hainbat eginkizunetarako lokalen falta zuen-eta, eta une hartako jabearekin, Manuel Iturriarekin alegia, adostu zuen erosketa.

Olasoko Hilerria (XV. mendea)
Olasoko Hilerria (XV. mendea)

Olasoko San Bartolomeren ataria

Atari ederra dugu antzinako Olasoko San Bartolome parrokia ohian gordetzen den arkitektura eta eskultura espazio bakarra. Euskal artearen ikertzaile aditua izan zen Arrazola Amaren hitzetan (1912-1995), arkupe hau euskal estilo gotikoaren lagin esanguratsua da, eta zerikusia du Debako parrokian Andre Mariari eskainita dagoen portadarekin. Haren iritziz, Debako ataurrearen egilea Olasoko atarian oinarritu zen. (Batzuk Joseba Intxaustik zuzendua: Euskal Herria. I. 2.2.1. Historia del arte en el País Vasco. Arrazola M. Asunción. 411. orr. Lankide Aurrezkia. 1985). Ataria ederra iruditu zitzaion Karmelo Etxegarai euskal kronikariari (1865-1925), eta Gernikako Santa Maria parrokiako portadarekin erkatu zuen hark. (Monumentos Nacionales de Euskadi. T.2. Guipuzcoa. Departamento de Cultura. Gobierno Vasco. 1985. 205-212 orr. )

 

Javier Elorza Erdi Aroko historialariak argitu zigun (“Villamayor de Markina”, Elgoibar deitua. Elgoibar eta Mendaroko Erdi Aroko Historia. XIII-XVI. mendeak) liburuarekin Enparan izan zela portada honen egilea, aurretik jakin arren maisu Santxo (Enparan) izan zela horren arduraduna 1459an, bertako maineleko edo erdiko kolomako inskripzioan dagoen moduan. Oinplano karratuko arkupe zabal honen hormak kareharrizko harlanduzkoak dira, eta kontrahorma txikiak ditu aurreko eskantzuetan; hala ere, atzekoetan falta dira. Hauek bota zituzten hilerriko hilobiak egin ahal izateko, horretarako antzinako elizako eremua okupatu zen. Arku zorrotz bana du lau aldeetan, eta beste arku itsu bana, hauen gainean. Gaur egun zurezko sabaia badu ere, antzinan nerbiodun ganga zuen haren azpitik, han egon ziren arku eta nerbioen abiaguneak ikus baitaitezke. Halaber, portada dagoen aldean, ganga eratzen zuten arku edo nerbioen bi abiaguneak antzeko eskultura irudi txikiz apainduta daude: bi giza aurpegi eta hortzak nabarmentzen dituen irudi zoomorfo grotesko bat. Bi isurkiko teilatu batek osatzen du estalkia, pinakuluek azkenduz angelu bakoitza eta gurutze batekin aurreko aldean.

 

Elgoibarko lehendabiziko parrokia honen ate txaranbeldu dotoreak arkibolta zorrotz gotikoak eta mainela ditu, atezangoen gainean jarriak. Ate hau bi baotan zatitua dago arku eskartzano baten bidez eratuta,: Honen gainean dekoraziorik gabeko tinpanoa dago. Mainelean irudia jartzeko errezela eta idulkia egon arren, Andre Mariaren jatorrizko imajina falta da bertan, aspaldi desagertua. (MILL E CCCCLIX. M. Sancho) 1459ko data (ataurrea egin zuten urtea) eta Maisu Santxo arkitektoaren deitura ageri dira inskribatuta erdiko doseleteko goiko ertzan. 

 

Arkibolta eta atezangoak, berriz, dekoratuta daude. Kanpo aldetiko lehen arkibolta inposta parean abiatzen da, eta munstro irudia ageri da alde bietako abiapuntuetan, hostoz apaindutako landare-dekorazioarekin batera. Beste zazpi munstro daude arkibolta honen gainean. Gorago, irudirik gabeko sei errezel eta beste horrenbeste idulki lerrokatzen dira hormako alde bietan. Santen eta santuen hamarna irudi txikik dekoratzen dituzte bi arkiboltak. 

 

Fernando Perez de Suescun eta Maria Victoria Rodriguez Lopez ikertzaileek, “Iconografia de las santas en el País Vasco. Las portadas de Deba, Elgoibar y Laguardia” izenburuko bere lanean, bost santa identifikatu dituzte barneko lehendabiziko arkiboltan: ezkerretik hasita, lehendabiziko irudia Antiokiako Santa Margarita edo Santa Marina da (koroarekin, eskuak bilduta, dragoi batetik irteten ari dena); hirugarrena, Santa Agata (liburua eta bi bularrak kopa batean dituena); zortzigarrena, Santa Luzia (begiak kopa batean dituena), nahiz eta hau Santa Agatarekin elkartu ohi dute maiz; bederatzigarrena, Maria Magdalena (liburua eskuinean eta perfume edo ukenduen potoa dituena); eta hamargarrena eta azkena, Alexandriako Santa Katalina (koroa, aiztoen errobera eta ezpata, koroa duen pertsonaia batean sartzen ari dena) (www.euskomedia.org)

 

Antzina, atezangoetan sei santuren eskulturak, tamaina naturalekoak, bazeuden ere, gaur egun, bost daude, eskuineko muturrean zegoena desagertuta dago-eta. Ezkerretik hasita, gainerako bostak, honako hauek dira: San Sebastian, San Joan Bataiatzailea, San Pedro, Santiago eta San Bartolome (azken honek honako hau du grabatuta: Jhoanes me fecit, Joanesek egin ninduen, alegia). Badirudi ertzetako bi eskulturak ez zituztela gune horretan jartzeko egin, eta geroago jarri zituztela. 

Badira beste inskripzio batzuk ere orain arte esandakoaz gain, baina hauek otoizlabularrak edo laguntza-eskatzeak dira, adibidez: “Amén. Ihesu Christus” eta “Ave Maria gratia plena”.

 

Halaber tinpanoan Kristoren, bi Lapurren eta Longinosen (Erromaren zerbitzuan zegoen zenturioia) harrizko eskulturak ipini zituzten, hain zuzen ere, Kalbario mendian ageri zirenak. Hala ere, gaur egun, ez dago irudirik bertan, eta trazeria gingilduna duen arku zorrotz batek babesten du espazio hau barrutik. Portada hau eraiki zutenean margotuko zuten beharbada, eta ziur dakigu Errenazimentuko garaian eta hurrengo mendean ere polikromatu egin zutela. Koloreak ikusgarritasun handia emango zion, ezbairik gabe, Debako Santa Marian (polikromia arrastoekin), eta batez ere, Guardian (Araba) ikus daitekeen moduan.

 

Olasoko elizatariko eskulturak urreztatzeaz eta pintatzeaz gain, Francisco del Cresal pintoreak, Lekeition bizi zenak, 1537ko abuztu eta abendua bitartean, tinpano honetan falta ziren irudiak zizelkatu zituen (Gurutziltzatuaren ondoan zigortu zituzten bi lapurrak, Longinos eta Kalbario mendia). Cresal artistak margotutakoa, berriz, Diego Araoz pintoreak, Andres eskultore ospetsuaren anaiak, aztertu zuen urte hartako Gabon bezperan, eta urrezko 64 dukatetan baloratu zuen, nahiz eta bukaeran 3 dukat gehiago kobratu. Nolanahi ere, Araozek Cresali honako baldintza hauek jarri zizkion ordainketa egin aurretik: buka zezala Andre Maria irudiaren gainean zegoen tabernakulua; Gurutzearen azpiko moldurak egin eta inprimatuta zeuden bi arkuak eta ontziak margotu zitzala. Eta horretaz gain, artelan hau estali behar zuen oihala apaindu zezala Nekaldiaren intsigniekin; eta estal zitzala tabernakulua urrez, arkuak eta moldurak jaspez eta gainerakoa zuriz. (GPA, 1/1166/8-11). 

 

Cresal hau, Olasoko atari hau apaintzen arduratu zena, Joan Garzia de Crisal pintorearen senide izan liteke, Lekeitioko Santa Maria elizako erretaula nagusiko polikromia-tailerreko buru izan zena (frantziar eta flandestar pintoreak) 1507 eta 1512 artean. www.euskomedia. Org/PDFAnlt/arte/17/17073106.pdf

 

Diego de Araoz pintore eta urreztatzaileari dagokionez, adierazi behar da, garrantzi handiko artista izan zela. Andres anaia eskultorearen itzalean aritu bazen ere, Diegok, bere ibilbide eta nortasun berezkoa izan zuen artearen munduan. Pintore emankorra izan zen, batik bat, 1551 eta 1575 bitartean, eta Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Errioxan aritu zen lanean. Artista asko izan ziren familia hartan, eta ustez, haien aita izan zena, Pedro, pintorea eta urreztatzailea izan zen Gasteizen eta bertako eskualdean. Andresen seme bik, San Joanek eta Andres II.ak, aitaren bideari jarraitu zioten, baita San Joanen seme batek, Andres III.ak, ere. Beste zenbait tokitan bezala, Andres, Diego eta San Joan aritu ziren Eibarko San Andreseko erretaula nagusia egiten. PEÑA Satur. San Andres de Eibar. Eibarko Udala. 2008

 

Garai hartan ere, Olasoko atariko mainelean, bi ate nagusien erdian, zegoen Andre Mariaren antzinako harrizko eskultura konpondu zuen Busturia merindadeko Rodrigo Muniaran imajinaginak. Era berean, Ama birjinari koroa birmoldatu zion, baita falta zitzaion esku bat ere. Muniarani eta bere morroiari 3 dukat ordaindu zizkieten maiordomoek sei egunetan egindako lanagatik, materialen gastuagatik eta ostatuagatik. (GPA, 1/1166/10).

1613ko ekainaren 23an, enkantean jarri zuten berriz eliz-ataria margotzeko lana, aurreko margoketatik hirurogeita hamasei urte pasa ondoren, beharra izango zuen-eta. Bizkaiko Jaurerriko Ermua hiribilduko Antonio Bolunbiskarrek jarri zituen lanaren baldintzak eta zehaztasunak, eta bi lagun aurkeztu ziren enkantera: Bolunbiskar bera eta Pedro Etxebeste apaiza eta artista. Bolunbiskarrek irabazi zuen enkantea, lana 665 errealetan egingo zuela hitzeman zuen-eta. San Bartolome egunerako bukatu behar zuen, eta bere kontura ziren tintak, koloreak eta gainerako materialak. Agirian zehazten dira irudi bakoitza zer kolorez margotu behar zuen artistak. Horrela, adibidez: Kristo, Lapurrak, eta aurpegi eta esku guztiak haragi kolorez; Kristoren gurutzea urrez eta urdinez; alboetako bi gurutzeak zurezko kolorez...; mainelean zegoen Andre Maria urrez barrutik eta urdinez gainetik; eta ate nagusiak berdez. Pintura-teknikari dagokionez, olio teknika erabili behar zuen pintoreak. (GPA, 1/1276/241-244).

San Bartolome Parrokia (XVIII. mendea)

San Bartolome Parrokia (XVIII. mendea)

XVIII. mendeko eraikuntza da, eta garai hartan, arkitektura eskurialenseak Euskal Herrian izan zuen eragina nabari zaio. Longa, Larraza eta Ibero arkitektoek eraiki  zuten, eta obrek 25 urte iraun zuten. 1716an inauguratu zen parrokia. Dorrea barrokoa da, eta Justiniani italiarrak eta Ugartemendia euskaldunak egin zuten altare nagusiak proiekzio klasikoa du, barroko itxura ere izan arren. San Bartolomeren irudia dago altare nagusiko erretaulan. Bertan, oso ongi ikus daiteke santuari azala nola kendu zioten. Hala ere, garai batean San Anton Abad izan zen Elgoibarko zaindaria, gaur egun herriko bigarren zaindaria den arren. Parrokian badago San Antonen irudia, Arizmendi eskultore donostiarrarena dela uste dena.

Ia lau urtez obretan egon eta gero, berrikuntza lan izugarria egin ondoren, 1997an berrinauguratu da parrokia.

San Bartolome Parrokia
Santa Klara Komentua

Santa Klara Komentua

1533 urtearen bueltan, Oñatiko Bidaurreta komentutik etorritako hiru mojak eta herriko hiru mojagaik (Maria Gracia Sarasua, Maria Ibañez de Karkizano eta Domenja Larreategi) osatu zuten lehen komunitate hau. Fundatzailea María Ramos de Sarasua izan zen, Pedro González de Jausororen alarguna.

Mojek bi aldiz ihes egin behar izan zuten gerra zela eta: 1794an eta 1937an. 1957an neskentzako eskola ireki zuten. Eskola, 1973ra arte egon zen zabalik. 1976. urteko abenduaren 18an komentu berria estreinatu zuten. Gaur egungo komentua, aurrekoaren ondoan kokatutako eraikuntza modernoa da.

Udaletxea (XVIII. mendea)

Udaletxea (XVIII. mendea)

Kalegoen plazan dago azken barroko estiloko eraikin dotore hau. Ondoko pilotalekuko ezker-hormarekin batera herriko plaza barroko-neoklasiko ederraren albo bat eratzen du.

Elgoibartarrek udaletxe berria eta ondoko frontoia Simon Muguruzaren eta Joseph Agirreren baratzetan eraikitzea erabaki zuten 1726ko azaroaren 10ean, eta lur zati hauek herriko beste lur zati batzuekin trukatu zituzten. 

Felipe V. erregeak eman zuen kontzeju-etxe berria eraikitzeko baimena 1728ko maiatzaren 22an.

Jaso ahal izateko, oraingoan ere, izan zen dirua maileguan eman zuenik, interesik kobratu gabe. Frantzisko Hemasabelek, Venezuelan bizi zen elgoibartarrak, 500 peso (8 erreal pisu bakoitzak) bidali zituen 1736. urtearen hasieran. Dirua, 4.000 erreal (500 pisu), Elgoibarren bertan bizi zen amari sei urtera itzultzeko baldintza jarri zuen.

Eraikuntza 1737an bukatu zuten eta inaugurazio solemnea izan zuen, Gipuzkoako Batzar Nagusiak udaletxe berrian bildu baitziren maiatzaren hasieran. Antonio Larraza hargin maisua hasi zen zimenduak egiten hamar urte lehenago eta honen anaia Tomasek jarraitu zuen gainerako hargin-lana, bukatu arte; eta Zabala eta Momiolako harrobien kareharria erabili zuten. Bergarako Inazio Etxeberriak eta Elgoibarko Gregorio Agirrek egin zuten aroztegi-lana. Etxeberriak teilatuak, zoruak eta beste zenbait lan, eta Agirrek, bere aldetik, ateak, leihoak, modiloi edo ukondoak eta abar. 

Sebastian Lekuonak diseinatu zituen udaletxearen lehen planoak. Halaber, Inazio Ibero azpeitiar arkitektoak atzeko galeriaren, teilatu hegalaren eta kontzejupeko ibai aldeko horma eta ohorezko aulkiko (Kontzejupeko frontisa) planoak marraztu zituen 1744an. Azkenik, Frantzisko Iberok, Inazioren semeak, landu zituen herriko armarria eta albo bietan daraman dekorazioa 1754an, gainera, aurretik horien diseinuez aritu zen.

Arkitekturari dagokionez, honako elementu hauek azpimarratuko genituzke: beheko solairuan, erdi puntuko arkuz osatutako arkupea; lehenengo solairuan, ateburuak eta hauen gainean “Palladio” erako frontoi klasikoa, armarria eta alboetako apaindura biak babesten; era berean, teilatu-hegalen ukondoen zurezko apaindurak eta balkoien eta leihoetako burdin forjatuzko lan bikainak, azken hauek Gregorio Agirre maisu handiak landuak. Fatxada nagusiko elementu horiez gain, bidezkoa da atzeko fatxadako erdi puntuko hiru arkuz egindako galeria baloratzea.

Horrela, bada, forma dinamikoak eta estatikoak konbinatzen dira eraikinean zehar, proportzio akademikoak jarraitzen ditu eta dekorazioa neurrian du. Halaber, eraikin hau egiterakoan, Euskal Herriko beste udaletxe askoren tipologia jarraitu zuten, eta haietan bezala oinplano angeluzuzena du Elgoibarkoak.

Bukatzeko, eraikin honek ondare monumentu gisa izan dituen adierazpenak azalduko ditugu. Espainiako Hezkuntza eta Zientziako ministerioak Probintzia mailako historia-artearen monumentutzat onartu zuen Udalerriko arkitektura zibileko eraikin noble hau 1964ko urtarrilaren 17ko aginduaren bidez; eta estatu mailakoa 1984ko uztailaren 17ko dekretuaren bidez. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eraikin hau dagoen Hirigune Historikoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondare gisa sartu zuen 1998ko apirilaren 6ko aginduaren bidez.

Altzolako Bainuetxea

Altzolako Bainuetxea

Istorio batek dioenez, negu partean haur batzuk Deba ibaian bainatzen ari omen ziren. Halako batean, ibaiaren ezker aldean, ura oso bero irteten zela konturatu ziren. Egia izan ala ez, 1775 urtean Francisco Plazón mediku jaunak Udalari idatzi bat bidali zion Altzolako toki jakin batetik ateratzen zen ura osasunarentzat onuragarria zela esateko, eta nola edo hala, iturburua bila zezala eskatu zion.

1844an, Pedro Manuel Atristainek, sasoi hartan alkate zenak, Altzolako ur-beroak erregistratu eta "Etxe-zuria" baserria bota eta gero, bainuetxea eraiki zuen. Bainuetxea 1846an inauguratu zen. XIX. mendean ospe handia izan zuen bainuetxeak. Erbestetik jende asko etortzen zen ur termalak edan eta gaixotasunak sendatzeko, edo besterik gabe, atsedena hartzeko asmoz.

Gaur egun Altzola auzo txikia da, baina garai batean inguruko topagunea izan zen, eta hamar hotel eta ostatu ere izan zituen: Larrañaga, Boulevard, Alzola, Zelaia, Albizkoa, Ituarte, Sebastiana, Leocadia, Juliana eta Dolores. Jende dotore eta diruduna joaten zen Altzolako Bainuetxera. Gaur egun, bainuetxe bezala funtzionatzen ez duen arren, oraindik ere, bertako ura komertzializatu egiten da, eta ur hau inguruetako onenetarikoa da.

Zabalatorre baserria

Zabalatorre baserria

Herriaren kanpoaldean, Arriaga auzoan, muino batean kokaturik dago. Bertatik bailara osoa ikusten da. Hortik hurbil Apatrizbekoa baserria dago. Bertan, oraindik ere badabilen ur errota bat dago. Dorretxeak oinplano karratua eta bi isurkiko teilatua ditu. Hiru solairu eta ganbara batez osatua dago. Silarrizko eskantzuak eta markoak dituzten harlangaitzezko eta sillarrixkazko hormak ditu. Jatorrizko elementu asko ditu, hala nola, arku zorrotzdun portadak, leihate bikoitzak, arku zorrotzdun leihateak, gezileihoak, modiloilak etab.

1451. urtean, baserri hau Ibañez Zabalarena zen. XVI. mendearen erdira arte bizi izan zen leinu hori bertan. Leinu horrek, 1516an, Elgoibarko San Frantzisko komentuaren eraikuntzari ekonomikoki lagundu zion. Mende hartan, Zabale eta Karkizao etxeak maiorazko batean elkartu ziren, eta urteetan zehar, beste etxe batzuk gehitu zitzaizkion maiorazko horri.

Idotorbe (San Pedro) auzoko Ermita

Idotorbe (San Pedro) auzoko Ermita

Eibarko artzapezgoaren barruan dagoen Elgoibarko San Bartolome parrokiarena da ermita hau. Herritik kanpo, izen bereko landa-auzoan, San Pedro mendiaren gailurrean eta Kalamuako mendialdean dago. Bertatik, Eibarko Arrateko Amaren ermita ikusten da, baita gure herria inguratzen duten mendi guztiak, herria bera eta Olasoko Hilerriaren elizataria ere. Tamaina handiko ermita da. Oinplano ia karratua, hiru isurkitako teilatua, absidearen aldean beste hiru isurki gehigarri eta nabe bakarra ditu. Harlanduzko hormak ditu, eta kontrahorma batzuetan eskantzuak. Lehen atearen baoa erdipuntuko arkuduna da (gaur egun estalita dago) eta arku konopialdun leiho bat ere badu. Estalitako arkuaren harlanduak, gangan nitxo bat eta neurri handiko dobelak ditu. Arku horrek, berriagoa dirudien eta hiru oin eta lau isuri dituen kanpai bakarreko kanpandorrearen atarte txikira ematen du.

Ermitaren ondoan bi pilotaleku txiki daude. Elizaren parean San Pedro baserria dago. Gaur egun, baserri hori jatetxea da.

Idotorbeko lauan mahai batzuk daude zuhaitzpean. Lauan, Udalak zabuak eta txirristak jarri ditu txikienentzat. Auzoan idi demarako probalekua eta estalitako bolatokia ere badaude.

Azkue (San Roke) auzoko ermita

Azkue (San Roke) auzoko ermita

Hasiera batean San Vicente Azkue ermita zen, baina herriak izurritea jasan zuen urte batean, herritarrek San Rokeri erregutu zioten gaixotasun hura senda eta desagertaraz zezan.

Santuak ondo bete zuen eskatutakoa.

Harrezkero, ermitari San Roke deitu izan zaio eta santu honek gaixotasunak sendatzen dituen fama dauka.

Ermitaren puntan, kanpaien gainean, burdinez eginiko bi boxeolariren irudiak ikus daitezke.

Dirudienez, 1971. urte inguruan, Urtain boxeolaria, Europako txapelduna, bertan izan zen eta bere omenez jarri zuten irudia azkuetarrek.

Sallobente-Ermuaran auzoko Ermita

Sallobente-Ermuaran auzoko Ermita

Sallobente-Ermuaran auzoan dagoen ermita polit honen gauzarik azpimarragarriena bere margoak dira.

1989an, kasualitatez aurkitu ziren Sallobente-Ermuaraneko ermitako Erdi Aroko margoak.

Izan ere, ermita berreraiki behar zela eta, zenbait konponketa egiteko erretaula eraman zutenean konturatu ziren, azpian, balio izugarria zuten margoak zeudela.

Pintura neoklasikoak, errenazimendu garaikoak eta gotikoak daude.

Guztiak behar bezala zaharberritu eta 1996ko azaroaren 27tik hona ikusgai daude.

Adituen esanetan, pintura gotikoak Gipuzkoako zaharrenak dira, Ekain eta Altxerri kobetako pinturen ondoren.

Aita Agirre eskola ohiak. Gaur egungo Kultur Etxea

Aita Agirre eskola ohiak. Gaur egungo Kultur Etxea

Hiribilduko erdian, San Frantzisko komentua (1516-1840) egon zen tokian eraiki zuten ikastetxea 1892an. Udalak estatuari desamortizatutako komentu zahar ohiaren transmisioagatik 13.999 pezeta eta 34 zentimo ordaindu ondoren hiru urtean, lortu zuen bere jabetza. Eraikinarekin batera ingurua urbanizatu ez ezik plaza ere egin zuten, eta Aita Agirre deitura jarri zioten XX. mendeko berrogeiko hamarkadan, apezpiku misiolari (1863-1941) elgoibartarraren omenez.

Maria Kristina erreginaordeak sinatutako jabetza-zesioa hartu zuen Udalak 1890eko apirilaren bukaeran, eta urte bereko abenduan errege-dekretua eman zen ikastetxea eraikitzeko. Izan ere, elgoibartarrek komentu zaharraren tokian ikastetxe berria eta itxurazkoa eraikitzea erabakita zuten aspaldi. Komentua eraisteari 1891ko hasieran ekin zioten, hala ere hari erantsitako elizak, San Frantziskokoak, zutik iraun zuen 1925 arte. 

Ikastetxe berria egiteko obrak 1891ko maiatzean hasi ziren, eta Manuel Etxabek, besteak beste Donostiako Artzai Ona katedralaren proiektua idatzi zuen arkitektoak, eta Migel Loiola kontratistak zuzendu zituzten lanak. Elgoibartar ikasleek 1892-1893ko ikasturtean gela berriak inauguratu ahal izateko zortea izan zuten. 

Harrezkero, ikastetxe hau zenbait belaunaldiren hamaika eskola-umeren heziketa-gunea izateaz gain, Arte eta Lanbide Eskola, Musika akademia, musika-bandaren lokala eta beste hainbat jardueraren egoitza ere izan da. 2019an eraberritu zuten Kultur Etxea prestatzeko, eta bertan hainbat zerbitzu eskaintzen dira, hala nola, Berdintasun arloa, Kultura eta Euskara, Liburutegia, Elgoibarko Izarra elkartea eta Barren astekaria ere.

Manuel Etxabe probintziako arkitektoak estilo historiazalea aukeratu zuen Elgoibarko eskolak diseinatzeko, neoklasikoa hain zuzen ere. Ikus daitekenez, eraikinak oreka, simetria eta monumentaltasun sentsazioa transmititzen ditu.

Kalegoengo Frontoia

Kalegoengo frontoia

Kalegoen plazan dago. Herriko plaza nagusiaren mendebaldeko alboko zati bat ixten du.

Kareharrizko harlanduz eraikitako frontoi irekia da: 26,70 metro luzeran, 9 metro altueran eta 10,70 metro zabaleran ditu. Mariano Jose Laskurain bergarar arkitektoak egin zuen diseinua eta Sebastian Barrenetxeak obra, 1863an. Barrenetxeak Moruko eta Eibarko Otolako harrobietako materiala erabili zuen. 

Kalegoenen bertan egon zen aurreko frontoia, 1751n egin zena. Oraingoa baino hiru koadro motzagoa zen, eta ezker horma ere baxuagoa zuen, udaletxeko balkoiko mentsularaino iristen baitzen. Pilotalekua eraiki zenean plaza barroko-neoklasikoaren mendebaldeko alboa ixtea lortu zen. 

XVIII. mendearen erdialdean eraiki zuten pilotalekua Domingo Aizpitarteren diseinua jarraitu zuten, eta Jose Zuaznabar eta Frantzisko Ibero arkitektoek ikuskaritza-lana egin zuten. Eraikuntzako materialari dagokionez, parrokia berrian desegindako kanpai-hormaren harlandua (dorre berria eraiki zuten-eta) probestu zuten eta baita Momiolako harrobiko materiala ere erabili zuten. Zorua berdindu ondoren, Eibarko harlauzez eta Momiolako harriz errematatu zuten. Harlanduzko bolek apaintzen zuten frontisaren gaina, eta horma hori lehengo Amistad kafetegiko etxearekin (egun, udaletxeko administrazio-gunea) lerroan zegoen. Eraikuntza biek plaza mugatzen zuten alde hartatik, eta 15 oin (4,5 metro inguru) zituen korridore bat gelditzen zen bien artean zubirako bidean. 

Lehendabiziko pilotaleku honen frontisaren atzean toki librea zegoen, eta bertatik ibaira jaisteko bidea zen, emakumeek arroparen garbiketa egin ohi zutelarik. Eremu hau, hain zuzen ere, 1833an Domingo Muguruzari saldu zion Udalak etxe bat eraikitzeko, eta Mariano Jose Laskurain arkitektoaren planoaren arabera jaso zuen. Horrela, bada, egungo frontisa jaso ahal izateko ibai ertzean, Muguruzaren etxea eraitsi zuten aurretik, hogeita hamar urte zutik egon ondoren.

Deba bailarak uholde handia jasan zuen 1834ko ekainaren 30ean, eta Elgoibarrek zortzi gizakien heriotzaz gain, kalte handiak ere nozitu zituen errota, burdinola, sutegi, kale, plaza, eta eraikuntzetan. Honen ondorioz ere, frontoiko ezkerreko horma berreraiki zuten harlanduz, eta baita zoladura ere, azken hau Oizko harlauzez, lehen gerra karlista bukatu ondoren, 1840an.

Azkenik, gogorazi behar dugu, elgoibartarrek pilotarekiko, eta batik bat esku-pilotarekiko, zaletasun handia izan dutela, pilotari asko eta handiak eman dituelarik. Batzuk, profesionalak eta gehienak, zaletuak, frontoi honetan, Kontzejupean, Ermuaran bailarakoan eta Kamineroko Anduezanean saildu ziren.