Ibilbideak

Morkaikurako igoera

Morkaikurako igoera

Mendi honetara igotzeko aukeretako bat Elgoibartik Etxebarrira eta Markinarako doan C-6213 eskualde-errepidea hartu behar da. Errepidean gora 4 km egin ondoren, Done Mikel (San Migel) ermita ikusiko dugu eta bertara joango gara. Hala ere, mendiko bideetatik edo pistetatik ere joan daiteke: Santa Klara auzotik Metalkoa, Errotatxo, Zeleta eta Aiastia (Aizti) baserrietatik gora 

Ermitan gaudela, pista asfaltatu batetik jarraituz, Mugertza baserriaren ondotik Borrajenera helduko gara eta aurrera eginez gero Oa nagusira eta aurrerago Oa txikira iritsiko gara. Hemen pista bati segituz Morkaiku gurutzeraino helduko gara. Bertatik, Elgoibarko kasko historikoa eta auzo batzuk ikus daitezke, mendi inguru zabalaz gain, eguraldiak lagun.

Paisaiaz gehiago gozatzea nahi izanez gero itzulinguru bat egingo dugu, eta eskuineko pista hartu beharrean, aurrera jarraituko dugu, eta Iruiturrira iritsiko gara. Bertan, iturri ondoko zuhaitzen itzalpean atseden har dezakegu, mahaiak ere daudenez horretarako. Atseden hartu ondoren, Morkaikurantz abia gaitezke lurreko harriak gorriz eta zuriz pintaturik dauden bidezidor batetik eta gurutzera iritsi aurretik beherantz egin dugu (Done Mikel) San Migel baselizara.

Karakaterako igoera

Karakaterako igoera

Azkue (San Roke) auzotik gorako errepidea hartuz gero, Muskiritzu mendizerrako Karakate (Muneta eta Kortazar ere) mendi tontorrera igotzeko bidea dugu. Auzo honen hasieran San Bizente-San Roke ermitarantz bideratuko gara. Behin hantxe gaudela, 400en bat metro aurrerago, ezkerrean dagoen bidea hartuko dugu eta Agarre baserri aurretik aurrera egingo dugu. Bi kilometro ibili ondoren Berazeta baserrira iritsiko gara. Puntu honetan hasten da Karakaterako igoera. Muskiritzu dugu Elgoibarko mendigunerik berezienetakoa da, eta historiaurreko aztarna ugari ditu. Gainera, gailurretik paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera dago. Horretaz gain, mendilerro bereko Atxolin edo Irukurutzeta gailurretara joateko ibilbide lasaia eta polita egin daiteke.

Beheranzkoan, merezi du, ezbairik gabe, San Roke-San Bizente santuei eskainitako baselizari bisita egitea, ahal izanez gero.

Kalamuarako igoera

Kalamuarako igoera

Maiza eta Kalamuaga toponimoak izan zituen mendi honek garai batean. Lehendabizi, Idotorbe (San Pedro) auzoko Done Petri (San Pedro) ermitarantz joango gara, baina heldu baino 150 metro lehenago, eskuinerantz, hormigoizko pista bat hartuko dugu eta Aubia eta Goikoetxe baserrietatik hurbil pasatuko gara, eta ondoren Armaziora iritsiko gara.

Bertan, eskuineko pistari jarraiki igotzen joango gara Garaiguren lautadaraino eta hemen, eskuinerantz, igotzen segituko dugu tontorrera heldu arte. Goitik panoranika ederraz disfrutatuko dugu. Gora heldu baino lehen, metro batzuk beherago dagoen iturri batean freskatzeko aukera izango dugu eta beherago baita Diruzulo (Markina-Xemein) trikuharria ere bisitatu dezakegu. Baina hau ez da Kalamuara zuzenean iristeko bide bakarra. Izan ere Aiastiako bidexka jarraituz, Iruiturritik mendiaren magalera iristen gara, eta hemendik bide aldapatsutik Olaburuko (Elgoibar) trikuharriaren ondotik igaroz gailurrera iritsiko gara.

Morurako igoera

Morurako igoera

Berriz ere Idotorbeko Done Petri (San Pedro) ermitarantz abiatuko gara, eta bertara heldu baino 150 metro lehenago, ezkerraldean dagoen pistari jarraituko diogu. Aurrera jo eta plater-tiraketaren instalazioen ondotik igaro ondoren, Arraitzaga baserrira iritsiko gara. Bide honi jarraiki igotzen joango gara poliki-poliki tontorrera iritsi arte, eta Morkaiko mendi elkarteak jarritako postontzia, burdinezko perretxikoa, aurkituko dugu. Handik eta ingurutik, Elgoibar herriaren zati bat ez ezik, Deba ibaiak Andikanotik (Andikao) Karkizano (Karkizao) ingururaino tartean egiten duen ibilbidea ere ikusi ahal izango dugu. Murun (Moru) burdin aroko aztarna arkeologikoak aurkitu ziren, eta ustez kastroa izan liteke. 

Merezi du ere, ahal izanez gero, Done Petri (San Pedro) baseliza barrutik bisitatzea: arkitektura, horma-pinturen aztarnak, San Frantzisko elizatik eramandako XVI. mendeko erretaula….

Sallobente-Ermuaraneko Ibilbidea

Sallobente-Ermuaraneko Ibilbidea

Elgoibartarrek sasoian egoteko eta ariketa fisikoa egiteko gehien egiten duten ibilbideetako bat da Sallobente-Ermuaran auzora garamatzan bide hau. San Lorentzori eskainitako baseliza dugu auzoko erdigunea, eta edertasun handiko inguruan dago kokatua.

Landa-ingurua izan arren, erraza da bertara iristea, errepide asfaltatu bati jarraitzen zaiolako. Hasieran, Elgoibar eta Azkoitia lotzen dituen eskualde-errepidetik joango gara, baina geroxeago, eskuinean dagoen bide seinalizatu batetik jarraituko dugu. Bi kilometro eta erdi ibili ondoren, Sallobente-Ermuaran auzoko gunera iritsiko gara, eta bertan Done Laurendi (San Lorentzo) martiriari eskainitako ermita ederra, bolatokia, auzokoen elkartea, aparkalekuak, errekatxoa eta mahaiak ez ezik erretegiak dituen zelai bat ere daude. Leku paregabea da aisialdiaz gozatzeko.

Baselizaren barnealdeak balio historiko-artistiko handiko horma-pinturak dauzka, estilo desberdineko laginak : erdi arokoa, errenazimendukoa, barrokoa eta neoklasikoa.